Iritzia

Basoak eta landaketak bereizi ezinik

Urola Bizirik natur taldea 2023ko ira. 12a, 15:50
Harizti bat. (bizkaia.eus)

Abuztuaren hasieran, hilaren 6an, Julian Unanue Gipuzkoako Baso Elkarteko lehendakariari egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izan genuen hedabide honetan.

Elkarrizketa luze eta interesgarri hartan, Unanuek basogintzarekin izan duen lotura eta harremana azaltzen du luze eta zabal: elkarte eta erakunde ezberdinen arduradun izanda, asko baitu esateko gai honi buruz.

Elkarrizketa osoa pertsonaren ibilbidea ezagutzeko interesgarria izanagatik, zeharo nahasgarria da gaiari ematen zaion ikuspegi okerrarengatik: etengabe nahasten baitira basoak eta zuhaitz-landaketak. Naturkon elkartetik behin eta berriro zuzendu den bezala, batzuek eta besteak zuhaiztiak izanagatik, basoak berezko ekosistemak dira, berez garatzen direnak, eta zuhaitz-landaketak gizakiak sortutakoak; utziz gero basotzeko joera badute ere.

Anabasa ez dute Unanueren erantzunek bakarrik eragiten; baita kazetariaren galderek ere. Basoaz galdetuta, landaketen informazioa ematen du Unanue jaunak; baina, landaketez (pinudiez eta eukalipto landaketez) galdetzeko, basoa aipatzen du kazetariak.

Esan behar, herritarren ezagutza faltan sakondu nahi dela gai honetan. Lehendik ere naturatik urruntzea bada gure gizartearen joera, egurgintzaren sektorearen mesedetan sortutako nahaste semantiko eta ideologiko honek areagotu baino ez dute egiten arazoa.

Elkarrizketan, basogintzaren gaiarekin jarraituz, eta antzinatik egurra ustiatzearen poderioz ia basorik ez dugula baliatuz, egurgintzaren sektorearen arduradunek segida ekologikoa ukatzen dute (gure haran eta mendiek berez baso bihurtzeko duten joera), baso eta zuhaizti hitzak nahasten dituzte kontzeptu horien erabilera interpretazio subjektiboen baitan utziz. Gai honi dagokionean, eztabaida ideologikoa irabazia dute hedabideetan eta gizartearen zati handi batean.

Gure ustez, hitzak duten esanahiaren baitan erabili behar dira eta hedabideen lana ere bada hori bideratzea. Eztabaida ideologikoak hitzen nahasmenarekin saihestea ez da zuzena, ez da zilegi eta ez du laguntzen interesen arteko gatazkak modu arrazoituan bideratzen. Guztion lana da hau ekiditea.

Azkenik, elkarrizketa horretan Unanuek egindako gomendioarekin bukatu nahi dugu: aukerarik baduzu, landatu haritza etxe inguruan, eta askoz hobe, bat baino asko landatzen badituzu: zuhaitzak basoa baitu amets (Gernikakoaren kimuek, bereziki).