Sansebastianak 2022

Haurren danborrada egitea "bideragarria" dela aldarrikatu dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2022ko urt. 6a, 18:48

Plazan egin dute elkarretaratzea hainbat lagunek.

Sansebastianak bai lelodun pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar gaur arratsaldean. Azpeitiko Udalari eskatu diote haurren danborrada egitea posible dela kontuan hartzeko.

Sansebastianak bai lelodun pankartaren atzean elkartu dira gaur arratsaldean hainbat herritar, haurren danborrada egitea "bideragarria" dela aldarrikatzeko. Izan ere, sansebastianak ate joka diren honetan, ikusteko dago jaiak ospatzerik izango den ala ez.

Azpeitiko Udala datozen egunetan da danbor taldeetako ordezkariekin biltzekoa, iritziak jasotzeko, ekarpenak biltzeko nahiz egoera aztertzeko. Plazan gaur bildutakoek argi utzi nahi izan dute ez daudela "inondik inora udalaren kontra", baina erakundeari eskatu diote haurren danborrada egitea posible dela kontuan hartzeko. "Umeen danborradan 600-650 lagunek parte hartzen dute, eta Labik jarritako neurrien arabera, 800 lagunekoa da aire zabalean elkartu daitekeen pertsona muga. Beraz, araudia bete daiteke, hori berma dezake udalak".

Haurren danborrada modu egokian egin daitekeela uste dute, gainera. "Umeak maskararekin egongo dira, desfilean zuzen joaten dira, taldeak ez dira nahasten... Beraz, ez dugu ikusten haurren danborrada atzeratzeko edo bertan behera uzteko beharrik".

Gaurkoa aldarrikapena kalera atera duten lehen aldia izan da, baina datorren astean berriz aterako dira plazara. Izan ere, datorren astelehenean, urtarrilaren 10ean, 20:00etatik aurrera egingo dute protesta han.