Sansebastianak 2022

Sansebastianak ospatu nahi dituen herritar talde batek elkarretaratzeak deitu ditu

Anartz Izagirre 2022ko urt. 5a, 12:31
2020ko haurren danborradako irudi bat.

Herritarrei dei egin diete bihar, Errege egunez, 18:00etan, danborrekin plazan egingo den mobilizaziora agertzeko, eta gauza bera urtarrilaren 10ean. Uztarriara bidalitako oharrean nabarmentzen dutenez, haurren danborradan ez da Labik zehaztutako 800 pertsonako muga gainditzen, eta festak ospatzeko eskubidea aldarrikatu dute. "Inori ezin zaio jaiak ospatzea galarazi demokrazia batean", diote.

Labi batzordeak joan den urtearen amaieran ezarritako neurri berrien arabera, kanpoaldean ezingo dira 800 pertsonatik gorako ekitaldiak egin, eta horrek kolokan jarri ditu 2022ko San Sebastian jaiak; izan ere, neurri hori indarrean egongo da urtarrilaren 28ra arte. Horren aurrean, Azpeitiko Udalak eta danbor taldeetako ordezkariek bilera egingo dute Erregeen ostean, sansebastianetako danborradekin zer egin erabakitzeko.

Hori jakin berritan, herritar talde batek bi elkarretaratze deitu ditu egunotarako, haurren danborrada egiteko eskatzeko. Horietako lehena bihar, Errege egunez, egingo dute, 18:00etan hasita, plazan; bestea, berriz, urtarrilaren 10ean, astelehena, 20:00etatik aurrera, leku berean. Herritarrei dei egin diete bi mobilizazio horietan parte hartzeko, eta danborrekin joateko eskatu dute, kalerik kale danborra joz beren "nahia ozen entzuteko".

Uztarriara bidali duten oharrean zehazten dutenez, orain dela aste batzuk galdeketa egin zuten umeen danborradan aterako diren gurasoen artean, eta bertan honakoa galdetu zuten: San Sebastian egunez danborrada egin nahi zuten edo "egoera hobe baten" zain egon eta hilabete batzuk atzeratzea. "Galdeketa horren emaitzen berri ez badugu ere, badirudi Azpeitiko Udalak ez duela sansebastianetan danborradak antolatzeko asmorik. Antza, Labik kanpoko ekintzetan bildu daitekeen jende kopurua 800 pertsonara mugatzen du, eta udalak ez du danborradetan hori betetzeko bermerik ikusten. Umeen danborradan ateratzen den ume kopurua, baina, ez da urrutitik ere 800era iristen. Zein da, beraz, danborrada ez antolatzearen arrazoia?", adierazi dute. Era berean, azaldu dute "jendetza" elkartu zela urtearen amaieran egin zen San Silbestre lasterketan, eta egunotan Azpeitia Cup, Gabonetako ekintzak eta beste hainbat jarduera ere egiten ari direla: "Zergatik batzuk bai eta beste batzuk ez? Datozen egunetan hartuko dituzte erabakiak. Herritarrok ez al dugu parte hartu behar aktiboki erabaki horietan?".

Horrez gain, sansebastianak "bere osotasunean" ospatzea nahi dutela adierazi dute testuaren egileek, "dagokion egunean, urtarrilaren 20an". Honela diote: "Zergatik ez du udalak helduen danborradarik antolatu nahi, hainbat taldetako ordezkariekin egindako bileran hartutako erabakia errespetatuko zuela esan eta gero? Guk jaiak ospatu nahi ditugu eskubide osoa dugulako, inork uka ezina dena, eta udalak gure eskubideak gauzatu daitezen, beharrezkoak diren baliabideak eta antolaketak abian jartzea eskatzen dugu. Jaiak herriarenak dira". Ildo horretatik, zehaztu dute ulertzen dutela egungo egoera dela-eta hainbatek jairik egin nahi ez izatea, baina "jaiei bizirik eutsi" nahi dietela beraiek: "Inori ezin zaio jaiak ospatzea galarazi demokrazia batean. Herrian guztiontzat dago lekua, errespetuz bakoitzaren nahia gauza dadin. Ez dezatela neurriez eta kopuruez justifikatu erabakia. Bizitzako beste arlo guztiak moldatu ahal izan ditugunean, zergatik ez ditugu moldatuko jaiak? Zenbat milaka lagun izango da Anoetan asteburuan adibidez? Eta ez genuke gutxiago nahi".

Iazko sansebastianez ere hitz egin dute, eta adierazi dute "legez kanpo etxean sarturik" egon zirela herritarrak: "Minduta gaude, baina ez dugu barkamenik entzun, ezta gaizki egin izanaren aitormenik ere. Zain gaude, eta ez genuke errepikatzerik nahi".