Oihana Orbegozok finalerdietarako txartela lortu du Asteasun

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 6a, 17:19

Oihana Orbegozo, gorriz, gaur Asteasun jokatu duen partidan. (Ataria)

Gaur jokatu dituzte binakako Laboral Kutxa Master txapelketako final laurdenetako partidak, eta Orbegozok eta Leire Garaik osatutako bikoteak 22-6 irabazi dio Miren Larrartek eta Ane Urkizuk osatutako bikoteari. Finalerdietan Naroa Agirren eta Olatz Arrizabalagaren kontra neurtuko dituzte indarrak, martxoaren 20an, Irunen.

Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarrak garaipen garrantzitsua poltsikoratu du gaur eguedian Asteasun, binakako Laboral Kutxa Master txapelketako final laurdenetako partidan. Leire Garaik eta biek nagusitasunez irabazi diete Miren Larrarte eta Ane Urkizuri. Aurkariek sei tanto besterik ezin izan dizkiete egin eta 22 eta 6 bukatu dute partida. Horrela, partida ez ezik, finalerdietarako txartela ere irabazi du azpeitiarrak. Martxoaren 20an Naroa Agirren eta Olatz Arrizabalagaren neurtuko dituzte indarrak, Irunen jokatuko duten partidan.

Orbegozok badaki zer den Emakume Master Cup lehiaketako txapela janztea, lehen ere ez baita jantzi zaharra. Iragan abenduaren 21an izan zuten horretarako aukera, iazko txapelketako finala irabazita. Helburu bera du aurten ere eta, momentuz, dotore hasi du bidea.  

Aurtengo txapelketak, baina, iazkoaren antzik ez du izango, astearen hasieran antolatzaileek iragarri zutenez, egoerara egokituta prestatu behar izan baitute aurtengo lehiaketa. Txapelketa sekula baino motzagoa izango da eta hamasei pilotarik bakarrik parte hartuko dute, zortzi bikotetan banatuta. Final laurdenak gaur jokatu dituzte Asteasun, final erdiak martxoaren 20an jokatuko dituzte Irunen, eta final handia apirilaren 6an jokatuko dute, hori ere Irunen.