Oihana Orbegozok Binakako Laboral Kutxa Masterra jokatuko du

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 2a, 09:30
Emakume Master Cup txapelketaren aurkezpen ekitaldia, atzo, Bilboko Euskal Museoan.

Pilota mistoko binakako txapelketa bakarrik jokatuko dute aurten. Hamasei pilotarik parte hartuko dute, zortzi bikotetan banatuta, eta Oihana Orbezgozo azpeitiarrak Leire Garai arabarra izango du lagun. Larunbatean jokatuko dute lehendabiziko kanporaketa, Asteasun, Miren Larrarte eta Ane Urkizuren kontra.

Pandemia garaira egokitutako Emakume Master Cup txapelketa izango da aurtengoa, eta pilota gozoko eta mistoko binakako txapelketak jokatu beharrean, pilota mistoko Binakako Laboral Kutxa Masterra bakarrik jokatu dute aurten. Halaxe jakinarazi zuten antolatzaileek atzo, Bilboko Euskal Museoan egindako agerraldian. Hamasei pilotari bakarrik ariko dira lehian, zortzi bikotetan banatuta, eta horien artean izango da Oihana Orbegozo azpeitiarra, Leire Garai arabarra alboan duela.  

"Pena" dute antolatzaileek, 80 pilotarik eman baitzuten izena pilota gozoarekin aritzeko, eta 28k mistoarekin aritzeko, baina indarrean dauden murrizketekin txapelketa handi eta luze bat osatzea ezinezkoa izango litzatekeela iritzita, formatu murritzagoko txapelketa antolatzea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzarekin adostuta.

A multzoan, Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi; Amaia Aldai-Leire Aldai; Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi; eta Aldaregia-Mendizabal ariko dira; eta B multzoan, Garai-Orbegozo; Larrarte-Urkizu; Arrizabalaga-Naroa Agirre; eta Ruiz de Infante-Bergara. Hiru asteburutan jokatuko da txapelketa: final-laurdenak, larunbat honetan, Asteasun (Gipuzkoa); finalerdiak, hilaren 20an, Irunen (Gipuzkoa); eta finala, apirilaren 4an, Irunen. Orbegozok eta Garaik Larrarteren eta Urkizuren kontra neurtuko dituzte indarrak larunbatean, Asteasun.