'Schubert nunca trabajo en justicia' liburuaz solasaldia izango da datorren asteazkenean Emakumeen Txokoan

Julene Frantzesena 2021ko mar. 4a, 08:09

Miren Alcedo artxiboko irudi batean.

Solasaldia liburuaren egile Miren Alcedok eta ilustrazioak egin dituen Marisa Gutierrezek eskainiko dute, Alaitz Olaizolaren gidaritzapean. 18:30ean hasiko da saioa, eta hara joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

Miren Alcedok idatzitako Schubert nunca trabajo en justicia liburuaren inguruko solasaldia izango da datorren asteazkenean, martxoak 10, Emakumeen Txokoan. Alcedo ez ezik, liburuko ilustrazioen egile Marisa Gutierrez ere han izango da, eta Alaitz Olaizolak gidatuko du 18:30ean hasiko den saioa.

Saiora joan nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute, COVID-19a tarteko jarritako babes neurriak tarteko. Horrenbestez, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezua idatzi edo 688 75 10 00 telefono zenbakira deitu beharko dute horiek.

Hitzaldiak bukaera emango dio Marisa Gutierrezek libururako egindako ilustrazioen erakusketari. Izan ere, joan den asteaz geroztik ikusgai dira horiek Emakumeen Txokoan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Hitzaldiaren eguna, martxoaren 10a, izango da erakusketa irekita izango den azken eguna.

Schubert nunca trabajo en justicia fikziozko liburua da, baina errealitatea du oinarri. Izan ere, Alcedok bildutako kontakizunak Justiziaren arloan lanean ari diren emakumeen esperientziak jasotzen ditu. Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarria.eus-ek liburua kaleratu ostean Alcedori egindako elkarrizketa.