Kontrolatu dute Irurena enpresako sutea

Ihintza Elustondo 2021ko ots. 27a, 08:38

Ertzaintzak atzo 22:05 aldean jaso zuen abisua, eta goizalean, 04:00 aldera kontrolatu dute sua. Inguruko bi baserritako zortzi bizilagun etxetik irtenarazi dituzte, baina dagoeneko itzuli dira etxera. Biltegia erabat erre da, baina gainontzeko eremu gehienak ez dira kaltetu.

Sua piztu zen atzo, ostirala, Irurena enpresan. Ertzaintzak Uztarriari emandako informazioaren arabera, 22:05ean jaso zuten abisua, eta berehala bertaratu ziren ertzainak eta suhiltzaileak. Goizalean, 04:00 aldera lortu dute sua kontrolatzea. Inguruko bi baserritako zortzi lagun etxetik irtenarazi zituzten atzo badaezpada, baina goizaldean itzuli dira etxera, sutea kontrolatu dutenean. Lantegia itxita zegoen sua piztu zen unean, eta ez da inor zauritu.

Urolako suhiltzaileek azaldu dutenez, enpresaren biltegia erabat kiskaldu da. Dena dela, lantegia "ondo prestatuta" zegoen halako gertaerei aurre egiteko, eta gainontzeko eremuak ez ditu suak kaltetu. Lau parketako suhiltzaileak aritu dira lanean: Urolakoak, Kostakoak, Korostikoak eta Arratekoak. Lanean ziren suhiltzaileez gain, hainbat boluntario ere bertaratu dira; guztira, 50 bat lagun aritu dira lanean.

Une honetan, ia erabat itzalita dago sua. Dena den, suhiltzaileek azaldu dutenez, biltegiaren sabaia erori egin da, eta horrek eragindako su garrak daude une honetan lantegian. Oraindik ez dakite zerk eragin duen eta non piztu den sua.

"Sutea kontrolpean", baina "oraindik lanean" ari direla adieraziz, SOS Deiak zerbitzuak duela minutu gutxi zabaldu du sare sozialetan honako bideo hau:

Sutearen barruko irudia. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)