Txertoaren bigarren dosia jaso dute San Martin egoitzan

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 30a, 09:08

San Martin egoitzako 74 adinekok eta 66 langilek hartu zuten atzo COVID-19 gaitzari aurre egiteko txertoaren bigarren dosia. Bigarren txertoa hartuta lasaiago badaude ere, protokolo zorrotzekin jarraitu beharko dute.

COVID-19ari aurre egiteko txertoaren bigarren dosia banatu zuten atzo, ostirala, San Martin egoitzan. Urtarrilaren 9an jaso zuten txertoaren lehen dosia egoitzako langileek nahiz egoiliarrek, eta atzo jaso zuten bigarrena. Guztira, 74 egoilarrek eta 66 langilek hartu zuten txertoa.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta San Martin egoitzako lehendakariarentzat albiste pozgarria da egoitzako adinekoek eta langileek txertoa hartu izana: "Bigarren txertaketarekin, COVID-19ari aurre egiteko eta San Martin egoitzako adinekoak babesteko pauso garrantzitsua eta ezinbestekoa eman da. Iazko martxotik izugarrizko lana egin dute egoitzan adinekoak babesteko. Hilabete gogor eta tentsiodunak ari dira izaten, baina egin duten ahaleginaren eta erakutsi duten ardura guztiaren emaitza da San Martin egoitzako adinekorik ez kutsatu izana”. Bertako langileei, bizilagunei eta familiei eskerrak eman dizkie Alkortak "hilabete hauetan guztietan egiten ari diren esfortzu guztiagatik, ez baita egoera erraza izaten ari”.

Protokolo zorrotzak

Txertoaren "zain-zain" izan dira San Martin egoitzan urtarrila bitartean. Udalaren arabera, adinekoek nahiz langileek ez zuten inolako gorabeherarik izan txertoaren lehen dosia hartu zutenean,  eta bigarren dosiarekin ere berdin pasatzea espero dute: “Lehen txertaketan inork ez zuen ezer berezirik izan, eta orain ere horrela izatea espero dugu”, adierazi du Manolo Aitzbitarte San Martin egoitzako zuzendariak. Bigarren txertaketa azkarra eta ilusioz betea izan dela azpimarratu du: “Bagenekien denok nola izango zen kontua, eta oso azkar egin da txertaketa. Ilusio eta emozio askoko eguna izan zen atzokoa San Martinen”, gaineratu du.

Bigarren txertoa hartuta lasaiago badaude ere, protokolo zorrotzekin jarraitu beharko dute San Martin egoitzan: “Txertoa hartu dugu, baina zazpi-hamar egunean lortzen omen da inmunitatea. Hala ere, neurri zorrotzak betez jarraitu beharko dugu, momentuz. Dena den, epe motzean egoitza barruko tentsioa eta neurriak leuntzen joatea eta adinekoak tarteka kalera irteten hasteko esperantza dugu”, erantsi du zuzendariak.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)