Koronabirusa Azpeitian

Iritsi dira COVID-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak San Martin egoitzara

Anartz Izagirre 2021ko urt. 8a, 11:05

79 urteko Rocio Korta egoiliarra izan da txertoa hartzen lehena. Guztira, 115 txerto banatu ditu gaur Osakidetzak San Martin egoitzan.

Goizean goizetik Osakidetzako langileak noiz iritsiko zain egon dira San Martin egoitzako egoiliarrak eta langileak, eta azkenean iritsi zaie hilabete luzez hainbeste esperotako SARS-CoV-2 birusaren aurkako txertoa. 10:00ak aldera hasi dira osasun langileak lehen dosiak banatzen, eta 79 urteko Rocio Korta egoiliarra izan da txertoa hartu duen lehen pertsona. Txertatu aurretik "pozik" dagoela aitortu du Kortak, koronabirusak eragina izan baitu haren bisitetan eta egunerokoan; bestalde, txertoak "esperantza" eragin diola ere adierazi du egoiliarrak. Aretoan zeuden langileek txalo zaparrada batekin hartu dute Korta dosia hartu ostean.

Guztira, 115 txerto banatu dituzte gaurkoan egoitzan, egoiliar guztien eta gaur lan egin behar zuten langileetariko batzuen artean. 140 langile eta egoiliar inguru daude San Martin egoitzan; beraz, egoitzako kideen zati handi batek jaso du dagoeneko txertoaren lehen dosia, eta urtarrilaren 29an jasoko dute bigarrena.

Manolo Aizbitarte San Martin egoitzako zuzendaria eta Mari Jose Zabarte langilea "oso pozik" agertu dira. Izan ere, "hilabete gogorrak" izan direla aitortu dute biek ala biek, eta "txertoaren zain" zeudela gaineratu dute. Izatez, abenduaren 31n jaso behar zuten San Martin egoitzako kideek lehen dosia, baina azkenean gaur arte atzeratu da kontua.

(Argazkiak: Uztarria eta Azpetiko Udala)

Erlazionatuak

San Martin egoitzako txertaketaren lehen uneak, bideoan

Urtzi Oteiza eta Anartz Izagirre 2021 urt 08 Azpeitia