Igandean jarraitu hauteskundeen Azpeitiko emaitzak Uztarria.eus-en

Uztarria.eus 2019ko mai. 24a, 18:09

Igandean, 11.237 herritarrek izango dute Europako hauteskundeetan eta udal nahiz foru bozetan botoa emateko aukera Azpeitian, horretarako egokituko dituzten hemezortzi hauteslekuetan. Hiru alderdik aurkeztu dute hautagaitza herrian: EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Parte-hartze datuak, eguneko argazkiak, kontaketaren osteko emaitzak eta zerrendaburuen erreakzioak igandean bertan kontsultatu ahal izango dira webgune honetan.

Uztarria Komunikazio Taldeak udal eta foru hauteskundeen nahiz Europako bozen jarraipen berezia egingo du igandean. Parte-hartze datuak, eguneko argazkiak, boto kontaketaren osteko emaitzak eta zerrendaburuen erreakzioak igandean bertan kontsultatu ahal izango dira webgune honetan.

Igandean, 11.237 herritarrek izango dute botoa emateko aukera Azpeitian, horretarako egokituko dituzten hemezortzi hauteslekuetan. Hiru alderdik aurkeztu dituzte hautagaitzak Azpeitian: EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk. Honako hauek dira alderdi horien zerrendaburu, eta beraz, alkategaiak: Nagore Alkorta (EH Bildu), Amaia Etxeberria (EAJ) eta Oscar Murillo (PSE-EE).

Honako hauek dira EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren hautes zerrendak, hurrenez hurren:

Duela lau urteko datuak

2015ean, EH Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen udal bozak Azpeitian, botoen %53,45 lortuta (3.760 boto). EAJ izan zen bigarren indarra, botoen %42,42 eskuratuta (2.984 boto). Emaitza horiek tarteko, EH Bilduk hamar zinegotzi eta EAJk zazpi izan dituzte bukatu berri den agintaldian Azpeitiko Udalean. Nahiz eta ez zuen Udalean ordezkaritzarik lortu, PSE-EE izan zen orain lau urte hirugarren alderdirik bozkatuena; botoen %2,62 eskuratu zituen (185 boto). PPk, berriz, bozen %1,49 batu zituen (105 boto). Boto zuriak 166 izan ziren (%2,27) eta baliogabeak 111 (%1,52). Botoa ematera deituta zeuden 11.106 lagunetatik 7.311 joan ziren hauteslekuetara; hain zuzen ere, azpeitiarren %65,83k eman zuen botoa.

Orain dela lau urteko foru hauteskundeetan ere EH Bildu izan zen alderdirik bozkatuena Azpeitian. Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatzeko bozetan, ordea, udal hauteskundeetan baino txikiagoa izan zen bi alderdi bozkatuenen arteko tartea: 3.440 boto (%47,27) jaso zituen EH Bilduk eta 3.045 (%41,84) EAJk. Foru hauteskundeetan, hirugarren alderdi bozkatuena Podemos izan zen (245 boto); alderdi horrek udal bozetarako ez zuen zerrendarik aurkeztu. PSE-EEk 214 boz lortu zituen, eta PPk 132 boto.