Adinekoen egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute plazan

Uztarria.eus 2019ko mai. 3a, 12:39

LAB sindikatuak deituta, greba egiten ari dira egunotan adinekoen egoitzetako langileak; apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 2, 3, 4 eta 5erako deitu dute grebara. Herrialdeko lan hitzarmen bat eskatzen du sindikatuak, eta horren harira, hainbat protesta egin dute azken boladan. Besteak beste, atzo, osteguna, elkarretaratzea egin zuten Azpeitiko adinekoen egoitzetako langileek, helduen egoitzetako hitzarmena orain! lelopean. Era berean, beste protesta bat egin zuten hainbat lagunek joan den asteartean, plazan.

LAB sindikatuak salatu duenez, denbora aurrera doa, eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langilek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dute. "Sektoreko arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du", adierazi du sindikatuak.