LAB sindikatuak greba egunak deitu ditu adinekoen egoitzetan

Uztarria.eus 2019ko api. 18a, 13:00
LAB sindikatuak grebaren berri emateko egindako agerraldia. (LAB)

LAB sindikatuak greba egunak deitu ditu, apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 2, 3, 4 eta 5erako. Herrialdeko lan hitzarmen bat eskatzen du sindikatuak. Apirilaren 30ean, elkarretaratzea egingo dute, Azpeitiko plazan.

LAB sindikatuak salatu duenez, denbora aurrera doa, eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetako 5.000 langilek herrialdeko hitzarmenik gabe jarraitzen dute. "Sektoreko arduraduna den Gipuzkoako Foru Aldundia non dago? Ahoa betetzen zaio, helduen egoitzetako zerbitzuaren inguruan hitz egitean, baina ezinbesteko zutabea diren langileak baztertzeko erabakia hartu du", adierazi du sindikatuak.

LABen arabera, langileak dira helduen egoitzetako zerbitzua sostengatzen dutenak: "Beraien lanari esker, egoiliarren oinarrizko eskubideak betetzen eta errespetatzen dira, momentu askotan, langileek osasuna galtzen dutelarik".

Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak "beste aldera begiratzen" duela eta negoziazio prozesuan "joko zikina" bultzatzen duela salatu du sindikatuak, "Adegi eta Matia 2020 patronalak ELA sindikatuarekin batera, beste negoziazio paralelo bat egitera gonbidatuz, mahaiaren eta langileen gainetik pasatuz". Modu horretan, "negoziazio mahaiari balioa kentzea, mahaia blokeatzea, eta sektorean mesfidantza sortzea" lortu dutela esan du sindikatuak.

LAB sindikatuak adierazi du eredua alda dadin lanean eta mobilizatzen aritu dela eta arituko dela, "jendartearen funtsezko eskubideak hobetzeko, ez interes ekonomikoak saritzeko". "Helduen egoitzetako sektorea zerbitzu sozialen esparruan txertatzen den heinean, zerbitzu publikoa izan behar duela defendatuko dugu, orain arte bezala enpresa pribatuen interesen araberako erabakiak hartu ez daitezen". Horregatik, herrialdeko hitzarmen bat lortu nahi du LABek, zeinaren ardatz nagusiak honakoak izango diren:

  • Oinarrizko soldata toki eta Foru Administrazioen menpe dauden langileen batez bestekoarekin homologatzea.

  • Kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea.

  • Langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea.

  • Prestakuntza kontutan izateko puntu garrantzitsua izatea.

Aurrez aipatutako arrazoiengatik, LAB sindikatuak astebeteko greba deialdia deitu du, apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 2, 3, 4 eta 5erako. "Beraz, sektoreko langile guztiei herrialdeko hitzarmen duin baten alde mobilizatzeko deia egiten dizuegu".

Greba egun horietarako zenbait ekintza antolatu du LABek, eta horietako bat Azpeitian izango da: hain zuzen ere, apirilaren 30ean, asteartean, kontzentrazioa izango da Azpeitiko plazan, 12:00etan.