Erabakita daude erremonteko VIII. Sagardoaren Txapelketaren final zortzirenak

Uztarria.eus 2018ko api. 3a, 11:38

Etxeberria IV.ak eta Agirrezabalak parez pare izango dituzte Ezkurra II eta Azpiroz final laurdenen atarian. Otaegik eta Ionek, berriz, Matxin III.a eta Larrañaga. Joan den asteburuan amaitu zuten txapelketaren aurreneko fasea eta apirilaren 7an jokatuko dituzte final zortzirenak.

Bukatu da Erremonteko Sagardoaren VIII. Txapelketaren aurreneko fasea, eta horrenbestez, erabakita daude final zortzirenetan parez pare ariko diren bikoteak zeintzuk izango diren. Honako bikote hauek ariko dira nor baino nor hurrengo jardunaldian: Etxeberria IV eta Agirrezabala (Gaztañaga) Ezkurra II eta Azpirozen (Bereziartua) kontra; eta iaz txapeldun izan ziren Otaegi eta Ion (Petritegi) Matxin III.a eta Larrañagaren (Setien) kontra.

Joan den zapatuan jokatu zituzten aurreneko faseko azken partidak Galarreta frontoian, eta bertan erabaki zen zeintzuk izango diren final zortzirenetako partidak. Izan ere, multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute final zortzirenetan. A multzoan, Otaegik eta Ionek ezin izan zuten Utergaren eta Zubiren aurka irabazi, eta 40-20 amaitu zuten markagailuan. B multzoko azken jardunaldian, berriz, Matxin III.a eta Larrañaga nagusi izan ziren markagailuan, eta  28 eta 40 irabazi zieten Ezkurra II.ari eta Azpirozi.

Datorren zapatuan, apirilaren 7an, jokatuko dira final zortzirenetako partidak eta irabazleek final laurdenak jokatuko dituzte lehen fasean bigarren sailkatu direnen kontra. Final laurdenak apirilaren 14an jokatuko dituzte. Final laurdenetako irabazleek, multzoko buru direnen kontra jokatuko dituzte finalerdiak, apirilaren 21ean. Final handia, berriz, apirilaren 28an izango da.

Aurten, zortzi bikote daude erremonteko Sagardoaren Txapelketan murgilduta: zortzi bikotek parte hartuko dute txapelketa horretan: Otaegi-Ion (Petritegi), Juanenea-Endika (Larre Gain), Urriza-Garces (Gurutzeta), Segurola-II-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Ezkurra II-Azpiroz (Bereziartua), Uterga-Zubiri (Altzueta), Etxeberria IV-Agirrezabala (Gaztañaga) eta Matxin III-Larrañaga (Setien). Erremontista horietako zazpi dira eskualdekoak dira: Otaegi, Ion, Etxeberria IV, Agirrezabala eta Matxin III azpeitiarrak dira, Segurola aizarnazabaldarra da eta Larrañaga azkoitiarra.

Honakoa da sailkapena final zortzirenen atarian:

A Multzoa:
1. Urriza-Garces (Gurutzeta)
2. Uterga-Zubiri (Altzueta)
3. Etxeberria IV-Agirrezabala (Gaztañaga)
4. Otaegi-Ion (Petritegi)

B Multzoa:
1. Segurola-Barrenetxea IV (Oialume Zar)
2. Juanenea-Endika (Larre Gain)
3. Matxin III-Larrañaga (Setien)
4. Ezkurra II-Azpiroz (Bereziartua)