Unai Otaegi eta Ion Etxeberria: “Gazteei ondo etortzen zaizkie horrelako finalak, probatzeko”

Urola Kostako Hitza 2017ko mai. 12a, 12:58
Ion Etxeberria (ezkerrean) eta Unai Otaegi, txapelak eskuetan. (Mailo Oiarzabal)

Unai Otaegi eta Ion Etxeberria azpeitiar erremontistek VII. Sagardoaren Txapelketa irabazi zuten duela bi aste, Galarretan. Aurrelari gaztea eta atzelari beteranoa ondo moldatzen dira, kantxan eta bestela.

Uztailean bost urte beteko ditu profesionaletan Unai Otaegik (Azpeitia, 1991), eta erremonteko ohiko jaialdietan laugarren partidak jokatzen ditu, normalean. Ion Etxeberriak (Azpeitia, 1983), aldiz, 14 urte pasa daramatza goi mailan, eta atzelari ezagunenetakoa da. Lehendik ere arituak ziren bikote gisara, baina inoiz ez irabazi berri duten VII. Sagardoaren Txapelketaren moduko lehiaketa nabarmen batean. 37-40 irabazi zieten Urrizari eta Azpirozi finalean. Ionentzat beste txapel bat izan da, baina pisuzko aurrenekoa Otaegirentzat.

Aurreneko final handira iritsi eta txapela jantzi duzu, Unai. Zer moduzko esperientzia izan zen zuretzat?
 
Polita, oso. Gainera, oso lan txarrak genituen, printzipioz behintzat. Baina dena ondo atera zen, eta esperientzia oso ona izan zen.
 
Faborito ez izanda irabazteak hobetu egiten ditu sentsazioak, ala irabaztea beti da irabaztea?
 
Unai Otaegi: Nik uste dut bietara antzekoa izango dela. Jokatzeko garaian izan daiteke desberdina, presio gutxiagorekin irten zaitezkeelako, gu irten ginen bezala. Ez dakit nola esan, baina uste dut beste era batera irteten zarela jokatzera. Hala ere, nahikoa ondo eramaten ditut horrelako egunak. Orain arte jokatu ditudan finaletatik, uste dut bakarra galdu dudala; iaz Ionekin Azpeitian jokatu nuena, hain zuzen ere. Nahikoa lasai egoten naiz, beldurrik gabe, txapela lortzeko obsesio handirik gabe.
 
Ion Etxeberria: Nik ez nion begiratu ere egin faborito ginen ala ez. Ez diot sekula begiratzen, gainera. Momioei eta katedrari, ezta kasorik ere. Neure sentsazioak hartzen ditut kontuan, eta etxetik pentsatuta ekartzen dut, gutxi gorabehera, nola jokatu behar dugun, nola saiatu behar dugun gauzak egiten. Presioa, berriz, 34 urte egitear egonda… Azkenean, ikasi egiten duzu. Ez dauka zerikusirik bere egoerak [Otaegirenak], aurreneko final handia izateak, edo nireak. Beste era batera asimilatzen dituzu gauzak. Nik, lehen, final bat nuenean ez nuen aste osoan lorik egiten. Orain, patata zaku bat bezalaxe!
 
Zaletuen babesik ez zenuten falta izan Galarretan. Antzeman al zenuten?
 
I.E.: Jende gazteak eta berriak mugitzen ditu ikusleak horrelako finaletan. Gu ikusteaz nazkatuta daude denak! Eta Sagardoaren Txapelketako finalean ere antzeman zen hori, bai Otaegiren eta bai Azpirozen aldeko jarraitzaile mordoa elkartu zen. Egundoko giroa sortu zen. Gero, markagailua ere horrelaxe joan zen, orain batzuk aurretik eta gero atzetik. Azken momentura arte mantendu zen emozioa eta egon zen, bai, zarata pixka bat.
 
U.O.: Nire lagun asko joan ziren frontoira, ekipoa nahikoa berandu osatu zuten arren. Ederra izan zen eta uste dut oso ondo pasatu zutela. Eta, Ionek esan bezala, partida bete-betekoa izan zen, erabat sartuta egon ziren, eta esan zuten oso arratsalde ederra pasatu zutela.
 
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.