Azpeitiar pilotari guztiak sailkatu dira Emakume Master Cup txapelketako final laurdenetara

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 16:17

Herriko bost pilotari lehiatu ziren asteburuan Larrabetzun jokatutako promozio mailako kanporaketetan: hain zuzen ere, Maddi Unanue, Alaitz Badiola, Oihana Orbegozo, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue.

Emakume Master Cup txapelketako promozio mailako kanporaketak jokatu zituzten asteburuan Larrabetzun (Bizkaia). 42 bikote hasi ziren lehiatzen maila horretan, eta duela bi aste Gasteizen jokatutako kanporaketan hogei bikotek egin zuten aurrera. Joan den asteburuan, berriz, sei bikote sailkatu dira hurrengo fasera, eta horien artean dira herriko bost pilotari: Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue, eta Maddi Unanue –Naroa Agirre zestoarrarekin osatzen du bikotea–. Oraindik bikote bat falta da sailkatzeko; datorren igandean, hilak 25, jokatuko dute kanporaketa Markinako pilotalekuan (Bizkaia), 17:00etan hasita. Kanporaketa horretan sailkatutako bikoteaz gain, zortzigarren bikote bat ere sailkatuko da final laurdenetara, multzo guztietako bigarren bikoterik onena, hain zuzen.

Behin partida guztiak jokatuta, promozio mailako hurrengo partidak, final laurdenak, martxoaren 4an jokatuko dituzte, Markinan.