Hasi dira hondakinak biltzeko txipdun txartelak banatzen

Uztarria.eus 2018ko urt. 15a, 16:23

Joan den astean iragarri bezala, Udala eta Urola Erdiko Mankomunitatea gaur hasi dira herriguneko biztanleentzako txipdun txartelak banatzen, Azoka Plazan (argazkian). Datozen asteetan martxan jarriko duten hondakinak jasotzeko sistema berriarekin derrigorrezkoa izango da etxebizitza bakoitzak bere txartela izatea, errefusaren eta organikoaren edukiontziak erabili ahal izateko; eta herriguneko, Urrestillako eta Sanjuandegiko biztanleei txipak banatzeko hiru gune eta hiru egutegi prestatu dituzte. Hauek dira:

  • Herrigunean: gaurtik (urtarrilak 15) urtarrilaren 27ra, Azoka Plazan.
  • Urrestillan: asteazkenean eta ostegunean (urtarrilak 17 eta 18), jubilatuen lokalean.
  • Sanjuandegin: urtarrilaren 22tik 27ra, auzo lokalean.

11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara egongo dira zabalik hiru guneak; hilaren 27an, zapatua, goizez bakarrik irekiko dituzte herriguneko eta Sanjuandegiko guneak, 10:00etatik 14:00etara; San Sebastian bezpera arratsaldean eta San Sebastian egunez, berriz itxita izango da Azoka Plazakoa.

Txipdun txartelekin batera, behar dutenek hondakin organikoentzako etxerako ontzi marroiak ere jaso ahalko dituzte.

Bestalde, gaur bertan jarri dute martxan biltzaile handientzako –merkatariak, ostalariak eta soziedadeak– bilketa sistema berria.

 

(Argazkia: Azpeitiko Udala)