Txipdun txartelaren bidezko hondakin sistema berria hilaren 29an ezarriko dute

Uztarria.eus | Gizartea | Artikulua
2018-01-11 15:25

Otsailaren 10ean ezarriko dute erabat hondakin sistema berria, baina urtarrilaren 29an hasiko dira pixkanaka txip bidez ireki ahalko diren errefusaren eta hondakin organikoaren edukiontziak jartzen. Txipdun txartelak jasotzeko hiru gune finko jarriko dituzte herritarren zerbitzura, datorren astetik aurrera: Azoka Plazan, Sanjuandegiko auzo lokalean eta Urrestillako jubilatuen lokalean. Bilketa sistema berriaren helburua da hondakinen %70 gaika sailkatuta jasotzea lortzea.

Mankomunitateko lehendakari Aitor Bereziartua eta Eneko Etxeberria alkatea, txipdun txartela eskuetan dutela.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Hondakinak jasotzeko sistema berria ezartzeko prozeduran azken urratsak eginda, otsailaren 10ean jarriko dute erabat hondakin sistema berria, baina urtarrilaren 29an hasiko dira txip bidez ireki ahalko diren errefusaren eta hondakin organikoaren edukiontziak jartzen. Edukiontzien aldaketa pixkanaka egingo dute auzoz auzo, Sanjuandegitik hasita. Herri guztian txipdun bidezko edukiontzi horiek jarri bitartean, herritarrek eskuratuko duten txartelak edozein gunetako edukiontziak ireki ahalko dituzte. Hala adierazi zuten atzo, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari Aitor Bereziartuak.   Ezarriko duten sistema berriaren arabera, etxebizitza bakoitzak aurrez izendatuta duen edukiontzi guneko ontzietan soilik bota ahal izango dituzte herritarrek errefusa eta hondakin organikoak, nahi duten egunetan. Paperari, ontzi arinei eta gainerako hondakinei dagokienez, berriz, herriko edozein gunetan bota ahal izango dira, hondakin mota bakoitzari dagokion ontzietan.  

Sistema berria ezartzeko prozedura mailakatuta ari dira egiten, eta aldaketa antzemango duten aurrenak landaguneetakoak eta sortzaile handiak –merkataritza, ostalaritza eta soziedadeak sartzen dira talde horretan– dira. Etxeberriaren esanetan, aste honetan hasi dira sailkatuta jasotzen landaguneetan, eta eremu horietan ez dute organikoarentzat edukiontzirik jarriko, auzokonpostaren bidez kudeatuko dute eta. Ekoizle handien multzokoei, berriz, atez ate jasoko dizkiete hondakinak astelehenetik aurrera, eta horretarako ontziak egunotan ari da banatzen mankomunitatea.

Txipa jasotzeko hiru gune

Herrigunean, hau da, Azpeitiko  kalean, Sanjuandegin eta Urrestillan, sansebastianak pasata, hilaren 29an hasiko dira zaborrontzi zaharrak kentzen –beirarentzakoak izan ezi­k­– eta pixkanaka-pixkanaka papera, ontzi arinak, errefusa eta hondakin organikoa jasotzeko edukiontzi berriak jartzen. Udalak aurreikusitakoaren arabera, Karnabaletarako edukiontzi guztiak aldatuta izango dira, eta otsailaren 10etik aurrera, beraz, txipdun txartela erabili beharko dute herritar guztiek.

Udazkeneko bilera irekien ondoren, herritarrek egindako iradokizunak aztertu eta gero, eta etxepe bakoitzari errefusarentzat eta organikoarentzat zein gune dagokion zehaztuta –aurrerantzean 60 gune izango dira herrian, sistema zaharrean baino 80 gutxiago–, materiala banatzen hasiko dira datorren astean. Bereziartuaren esanetan, txipdun txartelak –eta, behar izanez gero, organikoarentzako etxerako ontziak– jasotzeko eta herritarren zalantzak argitzeko, hiru gune finko jarriko dituzte: Hala, herrigunean bizi direnek Azoka Plazara joan beharko dute, hilaren 15etik 27ra bitartean. Herritarrentzat zabalduko duten beste puntua Sanjuandegiko auzo lokala izango da, eta urtarrilaren 22tik 27ra egongo da irekita. Hirugarren gunea Urrestillan jarriko dute, jubilatuen lokalean, eta hilaren 17an eta 18an izango ditu ateak zabalik. Hiru gune horiek 11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik; larunbatetan, berriz, goizez zabalduko dituzte, 10:00ettaik 14:00etara. San Sebastian bezperako arratsaldean eta San Sebastian egunean itxita egongo dira informazio guneak. Bereziartuak kontatu du etxe bakoitzeko txipdun txartel bat banatuko dutela, eta gaineratu du Bertan Merkatari Elkartearen Azpeitia Txartela ere baliagarria dela, Mankomunitatean aktibatuta. Bigarren txartel bat nahiko luketen herritarrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dituzte.

Industriari ere eragingo dio hondakinen bilketa sistema berriak. Datorren hilean  banatuko zaizkie behar dituzten ontziak sektore horretako enpresei, eta hilabeteko epean hasiko dira dena jasotzen. Azpeitiko ekoizle handien kasuan bezala, industriako hondakinak ere atez ate jasoko dituzte.

Helburua, %70 birziklatzea

Azpeitian botatzen den zaborraren erdia baino gutxiago sailkatzen da modu egokian gaur egun eta azken hiruzpalau urteetan. Bereziartuaren esanetan, azken bost-sei urteetan inguruko mankomunitateetan egon diren esperientziek "erakutsi" dute "arrakasta" txipdun edukiontzien antzeko sistemarekin "lortu" dutela. Etxeberriak adierazi du "guztion esku" dagoela egungo birziklatze tasa igotzea, eta gaineratu du hondakinen %70 gaika sailkatuta jasotzearen helburua denon artean lor daitekeela "sinesten" dutela. Hondakinak jasotzeko txipdun txartel bidezko sistema berriarekin, beraz, herritarren txip aldaketa dator. Hori izango da sistemaren arrakastaren gakoa. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa