Imanol Arregi 'Iturbide': "Etxean inoiz ez dut panderoa hartu entseatzeko, behin ere ez"

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 21a, 13:41
Imanol Arregi ‘Iturbide’ zapatuan, bere biografiaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)

"Gurasoak eta denak panderistak nituen, baina gerra galdu zutenean dena utzi zuten eta, orduan, ez nuen etxean panderorik ezagutu". Soinujoleen, panderojoleen, etxekoen eta lagunen babesik eta berotasunik ez zuen falta izan joan den zapatuan Imanol Arregi Iturbidek (Loiola, Azpeitia, 1935). Azpeitiko udaletxeko areto nagusia mukuru beteta zela aurkeztu zuten Iturbideren biografia jasotzen duen liburua eta harekin doan diskoa. Aurkezpenean bezala, Urola Kostako Hitzarako elkarrizketa honetan ere behin baino gehiagotan dio bere burua ez duela pandero-jotzailetzat. Harrigarria dirudien baieztapenerako azalpenak baditu.

Urrestillako Txikurineko atarian lehen aldiz jo zenuen hartan pandero-jotzaile ibilbideagatik liburua egingo zizutela esan izan balizute...

Nola pentsatuko nuen ba! Gainera, beti gauza berdina esaten dut, baina ez dut merezi panderista izenik nik.

Zergatik esaten duzu hori?

Bokaziorik ez nuelako. Denbora pixka batean bakarrik eduki nuen nik bokazioa. Txikurinean jo eta gero, fandangoa asmatu nuen jotzen, eta arin-arina ez. Baina odoleko grina hori sortu zitzaidan, nonbait, eta horregatik izan zen igitaiarena; sororako bidean, fandangoa buruan, eta igitaiarekin egiten nituen jotzeko plantak. Baina... Konplexua neukan, egia horixe da. Eta ni panderoa jotzen ikusita, ez dago sinesterik hori.

Hainbeste urte eta gero, ordea, panderojole ez zarenik ezin esan, ezta?

Tailerrera joan behar izan banu... Aitaren tokian Loiolako parkea zaintzeko izendatu ninduten, eta hor egon nintzen, zain. Orduan, 36 urterekin, Lajak hartu ninduen. Behin hasi nintzen, eta... Amorrazio asko pasatu ere bai. Gauza batean izan naiz ona: gogoz kontra ari nintzenean edo gustura ez nengoenean ere, gustura nengoenaren plantak egiten. Liburuan ere azaltzen da hori. Lan zaila da, e?

Panderoa jotzen eta irribarrea ezpainetan, beti?

Bai, eta barre eginarazten ere bai. Festazalea izan naiz. Aurrekoan, 89 urteko emakume bat bisitatzera joan nintzen; askotan joaten naiz amonak bisitatzera, tertulia ontzat hartzen eta umorea dutenengana. "Aizu, zu tipo ederra izango zinen", esan zidan emakumeak, eta niretzako horiek dira benetako omenaldiak. Zergatik esaten zuen galdetu nion, gaztetan jesuitek menderatu nindutela-eta, eta berak: "Ni ikusita nago, Laja eta biok, bota panderoa eta dantzara joaten". "Joño", esan nion, "behin bakarrik egingo nuen eta, zu parean tokatu!".

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.