Iturbide, panderoaren eta umorearen enperadore

Uztarria.eus 2017ko aza. 18a, 18:49
Josu Labaka, Eneko Etxeberria, Imanol Arregi eta Amagoia Gurrutxaga, gaurko aurkezpenean.

Imanol Arregi Iturbide pandero-jotzailearen biografia jasotzen duen Iturbide, igitai jolea liburua eta diskoa aurkeztu ditu gaur Euskal Herriko Trikitixa Ellkarteak Azpeitian. Udaletxeko areto nagusia txiki gelditu da Amagoia Gurrutxagak idatzi duen lanaren aurkezpen ekitaldian.

Panderoa astintzen duenean eta panderorik gabe, irribarrea eta umore ona dira Imanol Arregi Iturbideren zigiluak. Bietatik asko izan du Loiolakoaren biografia jasotzen duen liburuaren eta harekin batera argitaratu duten diskoaren aurkezpen ekitaldiak. Eta trikiti doinuak ere bai, nola ez. Soinujole eta panderista asko elkartu dira gaur eguerdi partean Azpeitian; kalejiran ibili dira aurrena, eta udaletxeko areto nagusian aritu dira gero, aurkezpena hasi aurretik eta bukatu ondoren trikiti doinuak barreiatzen. Bukaerako saioan Iturbide bera ere ez da atzean gelditu.

Iturbide, igitai jolea da Amagoia Gurrutxagak (Matxinbenta, 1971) idatzi duen liburuaren izenburua. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak (EHTE) argitaratu du, Soinuaren Liburutegia bildumaren barruan. Liburu biografikoarekin batera diskoa ere argitaratu dute, Iturbidek trikitilari ezagun askorekin jotako 22 piezarekin; 1961. eta 2000. urteen artean egindako grabazioak dira guztiak, Agurtzane Elustondo EHTEren lehendakariak azaldu duenez. EHTEren bazkideek etxean jasoko dute argitalpena; gainerakoek, berriz, elkartera deituta (943-832828) edo trikitixa@trikitixa.eus e-posta helbidera idatzita eska ditzakete liburua eta diskoa, edo ohiko saltokietan erosi, 12 euroren truke.

"Panderoaren enperadorea"

Eneko Etxeberria alkatea, Josu Labaka Kultura zinegotzia, Gurrutxaga eta Elustondo izan ditu ondoan Loiolako pandero-jotzaileak gaurko aurkezpeneko mahaian. Aurrean, berriz, aipatutako musikariekin batera, etxekoak, senitarteko asko eta asko, eta baita lagunak eta herritarrak ere; txiki gelditu da udaletxeko areto nagusia, bertan elkartu den jendetzarekin.

Iturbideri eskainitako liburuagatik eskerrak eman dizkie alkateak EHTEri eta Gurrutxagari. "Uste dut horrelakoekin ari dela pixkanaka trikitixa giroa aurrera egiten. Azpeitian badago Trikigiro elkartea eta horren bueltan azken bi urteotan festa eta giro oso-oso ederra egon da herrian. Berreskuratzen ari da trikitixaren inguruko kultura". Ildo beretik, Iturbideri eskainitako liburua eta antzeko beste ekarpenak "oso garrantzitsuak" direla esan du, "euskal kulturarentzat eta, batik bat, transmisioarentzat".

Imanol Arregi udaletxean "etxean dagoela" ere nabarmendu nahi izan du Etxeberriak, udal langilea izan zela gogora ekarrita. Berak Arregi "txikitan, baserriko sukaldean" ezagutu zuela gogoratu du, "eta txikitatik estimatu izan dut asko. Pertsona alaia, joaten den lekura joaten dela umorea eramaten dakiena, baita egoera txarrenean ere". Eguneko protagonistak hitza hartutakoan borobildu duen aurkezpeneko anekdota sorta alkateak ireki du, bezperan Iturbideren senide bat "kezkatuta" joan zitzaiola esan duenean: "'Eneko, Imanoli gehiagi hitz egiten ez utzi' eta motz-motz egiteko" eskatu ziola esan du, "baina gaur Imanolen ordua da, berak jakingo du nola egiin behar duen. Guk, behintzat, ez diogu esango motz egiteko". Titulu berri batekin ere izendatu du Etxeberriak Iturbidekoa: panderojoleen erregearena "merezita" Landakandari jarri ziotenez -aurkezpenean izan da azkoitiarra ere-, Iturbide "panderoaren enperadorea" izan daitekeela esan du. "Ez dakit iturbidetarrek jakingo duten, baina Mexikoko lehenengo enperadorea, Arregi abizenarekin gainera, Iturbide izan zen", azaldu du alkateak.

Garai eta Euskal Herri bateko lekukotza

Liburuaren mamiaz, Elustondok eta Gurrutxagak nabarmendu dute Iturbideren biografiarekin batera garai baten islada ere badela argitalpena.

"Arlo eta esparru askotako informazio interesgarria biltzen" duela esan du EHTEren lehendakariak. Besteak beste, "gerra osteko diktaduran Elizaren jazarpena eta kontrola" aipatu ditu, "herriarengan eta trikitilariengan. Beste behin, hor agertzen da infernua, beldurra, debekua, zigorra...". Euskal Herriko erromerietan soinu txikia baino lehen panderoa izan zela "eta lehen panderista haiek, gainera, emakumeak zirela" ere jasota dago liburuan, Elustondok azaldu duenez; Iturbidetarren leinuan ere soinua eta panderoa jotzen zituen emakume bat izan zela ere bai, eta "infernuaren beldurrez, moja sartu" zela. Baserri girotik sortutako trikitilariek beste musiko batzuengandik jaso izandako "mespretxua" ere aipatu du Elustondok.

"Euskal Herri baten" kontakizuna ere bada liburua, egilearen esanetan. "Uste dut mundu honetan mundu asko daudela, eta Euskal Herri honetan Euskal Herri asko daudela. Imanolek kontatzen duena, kontatu zidana eta gero nik zuei kontatzen dizuedana, mundu bat da, eta mundu hori da autoritarioa eta oso itxia. 36ko gerra irabazi zutenek oso kate motxean lotuta zeukaten gizarte hau. Baina Euskal Herri horretan ere Euskal Herri asko zeudenez, hau da baserri giroko Euskal Herri bat, gutxietsia izan zena hirietan edo kapitaletan".

Liburuan "bi ahots" daudela kontatu du Gurrutxagak. "Erdia baino gehiago, Imanol bera da kontatzen duena bere bizitza". Iturbidekoa "oso kontalari ona" dela azpimarratu du egileak, baina hark kontatutako dena sartzeko modurik ez dela egon, "ez berak nahi duen guztia; egoskor samarrak gara biok, ez gara mundu berekoak eta, orduan, niretzat inportanteak ziren gauza batzuk berarentzat ez ziren hain inportanteak, eta berarentzat oso inportanteak zirenak niretzat ez hainbeste. Negoziazioa da bidea beti eta hau da horren adibide", adierazi du idazleak, mahaikideen eta ikus-entzuleen barreen artean. "Eskerrak ohituta nagoen sufritzen!", bota dio ondotik protagonistak. Imanol Arregik bere belaunaldia "musiko ez-erromantikoena" dela erakutsi dio Gurrutxagari. "Imanolek panderoa jotzea erabaki zuen bizi ahal izateko eta dirua irabazteko, ogibide bezala. Berak esaten du, dantza gehiago maite zuela panderoa jotzea baino. Uste dut klabe hori askotan ahaztu egiten dugula. Belaunaldi honek beren bizi baldintzak hobetzeko, sos batzuk eskuratzeko bide bat aurkitu zuen trikitixan".

Iturbide ez da bere lekukotza eman duen bakarra. Bere inguruko eta garaiko protagonista gehiagoren hitzak ere jaso diitu Gurrutxagak liburua osatzeko eta, batzuek eta besteek kontatutakoarekin, Loiolakoaren garaiko trikitilarien bizitza "gizarte konbultso" batean kokatzen du. "Kontatzen duten garaia bor-borrean dagoen Euskal Herri bat da, eta beti dago hori paraleloam".

Iturbidetarren arteko jolasa

Imanol Arregi izan da hitza hartzen azkena. Gurrutxagak pasatu dizkio txanda eta mikrofonoa, liburuan sartu ezinda gelditu diren anekdotak kontatzeko aukerarekin batera. "Motzean, e?" entzun da pare bat aldiz jendartean, eta hor hasi da Iturbidekoen arteko jolasa: Imanolek kontatu, senideek erantzun edota zuzendu, baita anekdota zehatzak kontatzeko eskatu ere. Eta irribarreak, eta algarak.

Liburuaren izenburuan agertzen den igitai jolearena esplikatzen hasi da Loiolako pandero-jotzailea. "16-17 urte nituen eta Urrestillara joan nintzen. Iturbiden behin ere panderorik ezagutu gabe. Gurasoak eta denak panderistak nituen, baina gerra galdu zutenean dena utzi zuten eta, orduan, ez nuen etxean panderorik ezagutu. Joan nintzen Urrestillara, eta "'hemen, Iturbidekoa! Derrigor jo behar duk'". Eta ni sekula hartu gabe panderoa. Eman zidaten panderoa, eta fandangoa jotzen asmatu egin nuen, herentzia bat delako Iturbiden: hamar senide ginen, eta zazpik edo zortzik erraztasuna, panderorako; baina inongo gogorik ez. Azkena hasi zen ibiltzen, baina lan gogorra aurkitu zuen eta utzi egin zion. Igitaiarena, berriz... Orduan, jaiegunetan erromerian aditzen nuen fandango bat edo trikiti bat, eta hura belarrian gelditzen zitzaidan. Gero, artoa moztera joaten ginenean, igitaiarekin jarduten nintzen armonia ateratzen. Amagoiari grazia egin zion horrek".

Horren atzetik hamaika pasadizo eta anekdota etorri dira, serioak zirenak ere umorez esplikatuta, entzuleen gozamenerako. Hasierako batzuk kontatuta bukatzera zihoala iragarrita, egarriak jota ("politikoei jartzen diete hemen ura, baina guri batez!"), beste bat burura etorri eta horrela joan da hitzak josten. Liburuan esaten duela aipatu du lehenago Elustondok, eta Iturbidek berak esan du berriro: "Ni ez naiz panderozale sentitzen eta ez dut merezi panderista izena". Gaur udaletxean elkartutako gehienek eta Imanol Arregi kalean eta plazan ikusi eta entzun duten beste hainbestek konpartitzen ez duten ideia.