Pepe Aizpuru eta Nekane Zinkunegi, Argia Sariak jaso dituztenen artean

Argia astekariak gaur, urtarrilak 30, banatu ditu aurtengo Argia Sariak. Euskarazko komunikazioan nabarmendu diren proiektuak saritzen dituzte eta, 26. edizioa izan den honetan, Pepe Aizpuru azpeitiarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra -Uztarriaren kolaboratzaile izandakoa- egon dira saria jasotzera atera direnen artean.

Interneteko atalean, iaz Ipar Euskal Herriko udal bozen jarraipena egin zuten hainbat komunikabideren elkarlana saritu dute; Aizpuru, Iparraldeko Euskal Irratietako erredaktore burua, izan da saria jaso duenetako bat; argazkian, makurtuta, ezkerretik hasita bigarrena da Aizpuru. Irratiko saria, berriz, Arrosa sareko Zebrabidea saioari eman diote, eta bertan esatari den aldetik jaso du saria Zinkunegik (argazkian, makurtuta, eskubiko aurrena).

Argazkia: Argia.