Igandean 'mutxikoak' dantzatzeko aukera izango da, Olazko Amaren plazan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko mar. 6a, 13:30

Hemendik aurrera hilero egingo dira Mutxikoak, bigarren igande guztietan. Jai honetan Olazko Amaren plazan egingo dira, baina ez da hala izango beti; herriko toki desberdinetara mugituko da. Dantza errazak dira ikasteko eta egiteko, hala diote Itsasiko eta Sahatsako dantzariek. Irekia da, ikasteko, egiteko eta gozatzeko. Plazan dantza egiteko ohitura berreskuratzeko saioa da.

 

Joan zen hilean Mixel Etxekoparren laguntzaz egindako saioa.

Astero aritzen da 20 lagun inguruko talde bat mutxikoak entseatzen. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egiten dituzte entseguak, herritar guztientzako irekita egon arren. Luis Alberdi Beltzak ematen dizkie klaseak. Eta gustura aritzen dira. Herriz herri mugitzen ere hasi ziren, mutxikoek tokia duten plazetara. Eta azkenean, mutxikoak Azpeitira ekartzea proposatu dute.

Alberdik egin zion proposamena Azpeitiko Kultur Mahaiari. Hark gogoz hartu zuen, eta Alberdik gidatzen duen Dantza Sueltoko eskolaz gain, Itsasi Kultur Taldearen eta Sahatsa Dantza Taldearen laguntzarekin, hilero saio bat egiteko erronka hartu dute. Igande honetan egingo dute bigarren saioa, Olazko Amaren Plazan, 12:00etatik 13:30ak arte.

Irati Aranguren eta Ainara Unanue Sahatsako kideek eta Maite Mendia Itsasikoak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta Sanagustin Kulturgunearen bitartez jakin zuten ekimenaren berri. Beraien taldeetan proposatu zutenean, ez zuten dudarik egin: parte hartzea erabaki zuten. Mendia: "Ideia oso polita da. Gure saioetara jendea etortzen da dantza ikustera, baina herrian dantza egiteko ohitura galduta dago. Berreskuratzeko modu bat izan daiteke". Mendiak dio, beharrezkoa dela "gureak diren dantzak ikastea, erakustea eta ondorengoek ere jasotzea". Arangurenek eta Unanuek baietz diote buruarekin.

Gainera, mutxikoena, ikustera ohitu gabe gauden dantza dela nabarmendu du Arangurenek. Eta berezia izateaz gain sinplea ere badela dio: "Erraza da ikasteko, eta jendea gerturatzeko modua ematen du". 

Bigarrena hobekuntzekin

Aurreneko saioa Hebentik...zubiak! asteburuaren baitan antolatu zuten. Jende mordoska batu zen plazan, eta giro polita sortu zen. Hebentik Zuberoako Kultur Elkartearen laguntzarekin, dantza berriak ere ikasi zituzten gerturatu zirenek. Baina enbidiatan ere geratu ziren batzuk, dantza horiek egiten ez zekitelako. Bada, igande honetan ez dute aitzakiarik izango, saioaren hasieran, pausoak esplikatuko baitituzte, ez dakitenek ere ikas ditzaten.

Eta tokiz aldatu ere egingo dute mutxikoak egiteko saioa. Batzuetan plaza txikira joango dira, hurrena Etxe Zuri aurrera, Xanjuandegira, Urrestiara... Unanue: "Giroa dagoen tokira joatea ondo dago. Jendea dabilen tokira joaten bagara errazago da jendea dantzan hastea". Azkenean, dantza bera jendearengana eramateko modu bat da hori ere.

Momentuz, igande honetan, 12:00etan Olazko Amaren plazan.

Ikasteko aukera

Plazan bertan ere egongo da ikasteko modua, baina aurretik ikasi nahi duenarentzat eskuragarri jarri ditu eskolak Luis Alberdi Beltzak. Astelehen eta asteazkenetan 21:15etik 22:30ak arte aritzen dira Ikasberrin, eta beste aukera bat ere badago, taldea osatzen bada: astearte eta ostegunetan, ordu berean, Betharrametan. 

Hilean 27 euro kostatuko dira eskolak, eta Sanagustin Kulturgunean eman behar da izena.