Plaza-trukean, elkartrukean, musika emanean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2014ko ots. 13a, 14:09

Musika bandak oso herrikoak dira. Udal bakoitzak du berea, eta herriko soinu banda dira. Baina herritik kanpo kontzertuak ematea ere gustatzen zaie, eta horretarako tresna baliagarria dute elkartrukea. Hala, Garinoiaingo (Nafarroa) Alai-Taldea bandak kontzertua emango du larunbatean Azpeitian, 19:00etan; eta Azpeitikoak Garinoainen, joko du apirilaren 12an. Oscar de Esteban Gutierrez Garinoiaingo Bandako zuzendaria eta Unai Frantsesena Azpeitiko bandako zuzenaria bat datoz: Herritik ateratzeko modu bat da, musikariak motibatzekoa, eta elkar ezagutzekoa.

Plaza trukatuko dute. Larunbatean 19:00etan Sanagustin kulturgunean kontzertua emango du Garinoaingo Alai-Taldea musika bandak, eta Azpeitiko bandak apirilaren 12an joko du Garinoainen. Batak bestearen kontzertua antolatuko dute, eta biek ere herritik kanpo jotzeko aukera izango dute. Izan ere, hala dio Oscar de Esteban Gutierrez Alai-Taldea musika bandako zuzendariak: "Udal bakoitzak bere musika banda du, eta berea edukita, arraroa da kanpoko banda bat kontratatzea. Elkartrukea kanpoan jotzeko modu bat da". Eta horrek musikariak motibatu ere egiten ditu.

Huelvan (Espainia) ezagutu ziren Frantsesena eta De Esteban. Zuzendarien ikastaro batera joan ziren, eta harremana egin zuten. Elkartruketarako aukeraz hitz egin zuten han bertan. Ez ziren hitz galduak izan. De Estebanek telefonoa jo zion Frantsesenari, herrian Gabonetan jotzeko kontzertu polita prestatu zutela, eta Azpeitian gustura joko luketela esanez. Horren fruitua da larunbateko kontzertua.

Baina kontzertua baino gehiago izango da bi bandentako kideentzat. Ia egun osoa elkarrekin pasatuko dute, eta kontzertuaren ondoren afaria ere egingo dute Azpeitian, soziedade batean. Elkar gehiago ezagutzeko baliatuko dute, harremanean sakontzeko. "Gutxi gorabehera arazo berdinak izaten dituzte banda guztiek", dio Frantsesenak, "baina besteen esperientzien berri izatea beti da aberatsa". Gainera, hori bakarrik ez, errepertorioa lantzeko moduez aritzeko eta partiturak trukatzeko ere ondo datorzkie juntadizo hauek.

Txaranga nahi eta banda egin

Garinoain herri txikia da. Ez da 520 biztanlera iristen. Baina bazuten musikarako zaletasuna. Txaranga bat sortu nahi zutela esanez deitu zioten De Estebani -La Tafallesa bandako zuzendaria ere bada-. Baina, 48 lagunek eman zuten izena. Zerotik hasi eta banda osatzeraino iritsi ziren, 1995ean. 

Han eta hemen joz dabiltza ordutik, errepertorio zabalarekin. Musika pieza berritzaileak egiten dituzte, baina baita bizi osoko pasodobleak ere. De Estebanek dio, Azpeitian "denetik" joko dutela. Filmeetako soinu bandak badituztela, ekaitza irudikatzen duten armonia modernoak ere bai, eta pieza tradizionalagoak ere bai. "Jendeak ondo pasatuko duela uste dut".