Alaitz Olaizola eta Fernando Morillo Galizian izango dira Galeusca Federazioaren bilkuran

Euskal Herriko idazleen ordezkari gisa joango dira eta Pontevedran bilduko dira Galiziako eta Kataluniako idazleen ordezkariekin. 'Haur eta Gazte Literatura: etorkizuneko ikuspegiak eta euskarri berrietara egokitzea' dute hausnartzeko eta jorratzeko gaia eta zapatuan mahai-inguru banatan hartuko dute parte.

 

Urriaren 25, 26 eta 27an Pontevedran (Galizia) elkartuko dira Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko idazleen ordezkariak, eta hemendik 4 ordezkari joango dira; horietatik bi azpeitiarrak: Alaitz Olaizola eta Fernando Morillo. Haur eta Gazte Literatura: etorkizuneko ikuspegiak eta euskarri berrietara egokitzea gaiaren inguruan ibiliko dira hausnarrean.

Zapatu goizean, narratibaren mahai-inguruan hartuko du parte Morillok, Pere Morey eta María Relmondez idazleekin. Arratsaldean, Olaizolak antzerki eta bestelako formatoen mahai-inguruan, Pau Marqués eta Ánxeles Cuñarekin.