Trikitiaren iragana, oraina eta geroa Antonio Aranaga 'Auntxa'-ren omenez

Plakari begira

Atzo, martxoak 14, trikiti soinuz josi zen Azpeitia; goizean, Urrestillan Antonio Aranaga 'Auntxa'-ren jaiotetxean plaka bat jarri zuten haren omenez. Arratsaldean, berriz, Izarraitz Pilotalekuan izan zen urteroko San Joseetako trikiti jailadia.

Aurtengo otsailaren 20an 100 urte bete ziren Antonio Aranaga Auntxa (1910/02/20 -2001/12/13) jaio zenetik. Urteurren hori ospatzeko Azpeitiko Udalak eta Euskal Herrikoauntxatarrak Trikitilari Elkarteak elkarlanean omenaldia antolatu zioten soinuaren maisuari. Eguerdiko 12:30 jo berritan hasi zen trikiti kalejira Urrestillako kaleetan. Auntxatarran (Antonio Aranagaren bilobak) Izer eta Alabier, Lutxurdio... izan ziren Urrestilan giroa animatzen goizetik eta giro polita sortu zen. 

Urrestillan, auntxatarren familia guztia, horien artean Antonio Aranaga Auntxaren alarguna Maria Aldalur, hainbat herritar, Azpeitiko alkatea (Julian Eizmendi) eta Udal Kultura Batzordeburua (Ana Mendizabal), eta beste hainbat trikilari familietako kideak ere bildu ziren. Trikiti soinuen artean eman zioten hasiera egunari. Urrestillako kaleak soinu eta panderoen doinuez laitu ostean, Auntxaren jaiotetxe aurrean bildu ziren. Han, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak hitz batzuk esan ostean, Maria Aldalur, Antonio Aranagaren alargunak, ezarri berri zen plaka azalarazi zuen. 

 

Arratsaldean Sanjosetako jaialdia

Trikitilari denak

Arratsaldean, 17:30etan hasita, Euskal Herriko Trikitilari Elkarteak Azpeitiko Udalarekin batera antolatuta, Azpeitia herriak herri-gutuna jaso zuela 700. urtemugaren barruan, sanjosetako trikiti jaialdia egin zen. Bertan, 700 lagunetik gora elkartu ziren. Horien artean ziren herriko trikitilari familiak. Aurten trikitilari elkarteak lan handia egin du, eta Azpeitiko trikitilarien zerrenda bat egin du; orain artean 36 trikitilari dituzte zenbatuta, eta familia horietako asko eta asko izan ziren atzo, oholtza gainean trikitia eta panderoa astintzen; hala nola, auntxatarrak, otolatarrak, barrenolatarrak, Sahatseta, Egurrola, Etxeberritxo, Berastegi... ibili ziren soinuet apanderoa astintzen. Ikusten, berriz, beste hainbat trikitilariren ondorengoak. Bukaeran, han bildu ziren trikitilari familia guztiei Mikel Gorrotxategi Alabier Euskal Herriko Trikitilari Elkarteko lehendakariak oroigarri bana eman zien.  

Iñaki Aranaga (Antonio Aranaga Auntxaren biloba): "Aitonarekin sukaldean soinua eta panderoa jotzen ikustetik ezagutzen nituen atzoko trikitilari gehienak".

Iñaki Aranaga azpeitiarra Antonio Aranaga Auntxaren biloba da. Atzoko bi omenaldietan izan zen panderoa jotzen, beste auntxatarrekin batera. 

Iñaki Aranaga

Zer moduz pasatu zenuen eguna?

Ondo ibili ginen. Goizean urduri ibili nintzen, arratsaldeko saioa pasatu bitartean urduri nengoen, baina gero oso ondo pasatu nuen. Arratsaldeko emanaldia bukatu eta gero afaltzera joan ginen, eta giro ederra sortu zen. Han ere trikitia eta panderoarekin izan zen zarata. 

Ez zara zu oholtzan panderoa jotzen ibiltzen, ordea?

Ez. Lehen aldiz auntxatarren eta iturbidetarren liburua (Urrestillako trikitixa. Auntxatarrak eta iturbidetarrak ) aurkeztu zen egunean jo nuen panderoa jende aurrean, Urrestillan bertan. Gero, lagun artean-eta jo izan dut, baina ez gehiegi ere.

Noiz hasi zinen panderoa jotzen ikasten?

Orain dela bost bat urte hasi nintzen. Koadrilako hiru lagun hasi ginen. Irunen Auntxa Trikiti Eskola duen Iñakik, hau ere auntxatarra, erakutsi zidan panderoa jotzen. 

Zurekin batera zure lehengusuek ere jo zuten panderoa, Aroia eta Amalurrek. Haiek ibiltzen al dira panderoa jotzen?

Biak ere ibili ziren panderoa ikasten, Amalur gehiago. Baina ez, ez dira panderoa jotzen askorik ibiltzen. 

Atzokoa eta gero, panderoa sarriago hartzeko gogorik ba al duzu?

Bai, atzo iluntzean Iñakiri esan nion sarriago hasiko nintzela panderoa hartzen eta estseiatzen. Ea astean pare bat aldiz edo hasten naizen panderoa jotzen!

Auntxatarrenean, aitonak soinua, eta ondorengo denek panderoa?

Hasi izan dira soinua ikasten ere, baina denborak aurrera egin ahala inork ez du segitu. Baina gure tartekoren batek musika eskolakoekin soinua jotzen irten zuen atzo. 

Gogoratzen al zara aitonaren soinu hotsez?

Atzo ikusi nituen asko eta asko nik aitonagatik ezagutzen nituen. Gure aitona han egoten zen sukaldean soinua hartuta. Hantxe egiten zituen arratsalde pasak. Hara joaten zen Boni panderoa jotzera, eta baita beste hainbat eta hainbat ere. Aitonarekin sukaldean soinua eta panderoa jotzen ikustetik ezagutzen nituen atzoko trikitilari gehienak.