Bertsolaritzari, errepasoa

Atzo bertsolaritzaren inguruko mahai-ingurua egin zuten Enparan dorretxean. Azpeitiak herri gutuna jaso zuela 700. urteurrenaren harira, Erniarraitzek antolatutako ekitaldian bertsolaritzaren hiru ikuspegi ezberdin azaldu zituzten. 

Erniarraitz mahai-ingurua

(Josu Azpillaga, Jokin Uranga, Imanol Lazkano eta Joxin Iturriotz, Enparanen).

Atzo, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak mahai-ingurua antolatu zuen, Azpeitiko herriaren 700. urteurreneko ekitaldien barruan. Aurtengoa bere sorreraren X. urteurrena da eta Bertso-asteko mahai-inguruan islatu zen hori. Bertaratutakoei Txikiteo Elegante Egunerako egindako bertso sorta guztiak liburuxka batean bildurik oparitu zizkieten. 19:30etan hasi zen, eta 21:00ak ingurura arte aritu ziren hitz eta pitz. 30 bat lagun bildu ziren, bertsolaritzaren iraganaz, orainaz eta geroaz, Josu Azpillagak gidaturik aritu ziren Joxin Iturriotz, Imanol Lazkano eta Jokin Urangaren hitzaldiak entzutera.

Joxin Iturriotzek bertsolaritzaren arrastoez hitz egin zuen, ahozkoa izatean bertsolaritzaren datu historikoak falta direla aitortzeko. Azpeitiko bertsolaritzaz dauden datu historiko apurren errepaso txiki bat egin zuen; 1960 aldera arteko bertsolaritzaz aritu zen. Hor jakin genuen, Beñat Lizasok ez ezik Jokin Urangak eta Haritz Etxeberria Ministrok ere izan dituztela arbaso bertsolariak.

Ondoren, Imanol Lazkanoren txanda izan zen. Hark, oso bestelako diskurtsoa egin zuen. Bertsolaritzaren eginkizun sozialaz aritu zen. 50. hamarkadatik aurrera, Euskal Herrian arlo askotan gertatu zen suspertze bidean, bertsolaritzak jokatu zuen papera eta azpeitiar bertsolariek egindako ekarpena gogoratu zuen. Garapen horretan Azpeitiko bertsolariek garai horretan bereziki izan zuten garrantzia ere aipatu zuen, besteak beste. Garai gogorra izan zela hura eta kantatutakoagatik gau bat baino gehiago esna pasatu behar izan zutela, deiren bat jasoko zuten beldurrez. Joxe Lizaso eta Joxe Agirrek, Donostiako Ondarretan atxilotuta egotea zer zen ere ezagutu zuten, kantatutakoagatik.  

Iturriotz eta Lazkanok beren hizketaldia bukatu ostean Erniarrizkoek X. urtemugarako propio prestatutako bideoa bota zuten. Bertan, Erniarraitz orain hamar urte sortu zenetik gaur arteko ibilbidearen errepasoa egiten da. Bideoa, Haritz Etxeberria Ministro eta Nekane Zinkunegiren gidoiarekin, Aritz Arzallusek egin du.

Azkenik, Jokin Uranga bertsolariak gaur egun bertsolaritza, bailarako eskoletan nola ematen den eta zenbat ikaslerengana iristen den adierazi zigun. Erniarraitzek bertsolaritzak kalean, tabernetan, herrian presentzia izan dezan egin duen ekarpena ere bistaratu zigun.  Eta etorkizuneko erronkez hitz egiterakoan, bertsolaritza gehiago hedatzeko garaia baino, eraiki duguna sendotzekoa dela adierazi zuen.

Hemen Urola Kostako Hitzako kronika