Pedro Etxeberria hil da, dantza irakasle aitzindaria

99 urte zituen 'Pedrotxo'-k eta duela 50 urte pasa ekin zion dantza irakasteari. 2006an Itsasik omenaldia egin zion. Asteartean izango da hileta elizkizuna.

Azpeitiko dantza irakasle aitzindarietakoa hil da gaur: Pedro Etxeberria Etxaniz Pedrotxo. 99 urte zituela zendu da, San Martin egoitzan. Bihar (asteartea) izango da haren aldeko hileta elizkizuna: parrokian, 19:30etik aurrera.

Madalena auzoan jaio zen, 1910eko azaroaren 19an. Imanol Eliasek Azpeitia, 500... Azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak liburuan dioenez, "Oargi sortzearekin batera Azpeitian osatu zen 'Loiola' deituriko dantza taldeak izan zuen lehen maisua" izan zen Pedrotxo, "aurrez bera ere dantzaria izan zen garaian ikasitako mugimendu guztiak erakusten ahaleginduz, taldeak deitura aldatu ondoren ere berdin egiten jarraitzeko. Dantzari garaian ordu asko eskaini bazituen, ez ziren gutxiago izango irakasle lanean eskainitakoak, prestaketa guztietara inor baino lehen agertuz eta etxera itzultzeko batere presarik gabe. Bizi egiten zuen dantza eta zer mailatan gainera! Geroago beste irakasle batzuk izango zituen taldeak, baina ez zuen galduko sekula dantza taldearekin zuen lotura, bera ezerezean gelditu zen bitartean behintzat".

"Aurreskua erakutsi ziguna Pujana izeneko gizon zahar bat huen. Ibiltzeko ere justu-justuan moldatzen zena", dio Pedrotxok berak Itsasi Euskal Kultur Taldearen 25. urteurreneko liburuan. Oargi dantza taldeak lehen emanaldia 1956ko apirilaren 1ean egin zuen, Aberri Egunez, Loiolan. Oargikoek lehen maisua Etxeberria izan zuten. "Oargi dantza taldea, nik harrapatu dudan talderik egokiena izan zen. Nik erakutsi beharrean beraiek erakusten zidaten niri", dio liburuan.

Itsasik omenaldia egin zion 2006ko ekainean. Bere ikasle izandakoak eta Itsasi taldeko dantzari txikiak bildu ziren ekitaldi xumean.

Iazko azaroan ere egin zioten omenaldia, hantxe, 99 urte bete zituela-eta. 

Etxeberriari buruz informazio gehiago hemen:

1926ko argazkia.

Garai berria: Oargi Dantza Taldea.

Lehen urratsak.