Kultur Mahaiak laster sortuko du weba, eta Sanagustin "azken txanpan" da

Azpeitiko Kultur Mahaiko kideak, atzo (osteguna), Baigera aretoan egindako batzarrean. Eskubian, Sanagustin kultur gunerako hautatu duten logotipoa.

Azpeitiko kultur taldeen, udal alderdien eta norbanakoen guneak atzo (osteguna) egin zuen batzarra; "berriz ere aurrerapausoak" eman ditu

Kultur egutegiko irizpideak onartu dituzte, baita Sanagustingo logotipoa ere

Azpeitiko Kultur Mahaiak "berriz ere aurrerapausoak eman ditu" atzo (osteguna) gauean egindako batzarrean, kultur webgunea laster sortuko duela iragarri baitu. Horretaz gain, Sanagustin proiektua "azken txanpan" dela jakinarazi du eta Mahaiak kultur egutegiko irizpideak onartu dituela.

Hain zuzen, hiru horiek dira Kultur Mahaiaren 2009ko kudeaketa planeko ardatzak, iazko azaroko batzarrak erabaki zuenez —kultur taldeek, udal taldeek eta norbanakoek osatzen dute gunea—.

Komunikazioa. Kultur webgunea martxan laster

Kultur Mahaiak azaldu du irailaren hasiera aldera webgunea sortuko duela. Orain teknikoki gauzatzen ari da. Albisteak, bideoak, agenda, argazkiak… izango ditu. "Kultur taldeen parte-hartzea lortzea da helburu nagusietakoa, eurak izan daitezen informazioaren emaileak". Taldeen barne informaziorako eta koordinaziorako gunea ere izango du webak.

Eusko Jaurlaritzan eta Gipuzkoako Foru Aldundian weberako diru laguntzak eskatuak ditu Kultur Mahaiak.

Sanagustin kultur gunea, hastear

"Lan asko egin ondoren, abiatzear" da Sanagustin kultur gunea, Mahaiaren arabera.

Espainiako Gobernua-ekipamendua. Sanagustin kultur guneko ekipamendua hobetzeko Espainiako Gobernuak 300.000 euroko laguntza emango du (Kultur Mahaiak egin zuen txostena, Udalak balekotzat jo, eta horretarako laguntza ematea onartu zuen Espainiako Gobernuak), Madril martxo aldetik txostena ari da egiten, eta Udalak uztailaren erdirako espero du behin betiko eta baleko txostena. Nahiz eta Sanagustin ofizialki urte bukaeran irekiko litzatekeen, udazkenean ekimen batzuk egitea aurreikusten du Mahaiak. "Aurrerapauso handia izango da. Proiektua azken txanpan da, beraz".

Udalak 50.000 euroko diru laguntza. Udalak 2009ko aurrekontuetan Sanagustingo ekipamendua osatzeko 50.000 euroko diru partida jarri du. Teloia, tarimak (eskenatokia luzatzeko, hegaletan txikiak jartzeko edo eskenatoki gainean txikiak ipintzeko) eta aulkiak erosteko baliatuko dute laguntza hori.

Sanagustingo logotipoa aukeratuta. Batzarrak ostegunean hautatu zuen kultur guneko logotipoa (argazkian ageri da).

Erretaulako irudia ez kendu. Sanagustingo erretaula ez dute kenduko. Teloiarekin estaliko da.

Sanagustin ondoko parkea. Udala hasi da Sanagustin ondoko parke estaliko lanak egiten, eta abendura arteko epea izango du bukatzeko. "Kultur guneari ondo etorriko zaio parkea, bilgune garrantzitsua izango baita eremu hori", esan du Mahaiak.

Kultur ekitaldien egutegiko irizpideak, onartuta

Aurreko hilabeteetan taldeen informazio asko bildu eta aztertu ondoren, Kultur Mahaiak kultur ekitaldien egutegiko irizpideak finkatu ditu batzarrean. Aho batez onartu zituen. Mahaiak uste du, "betiere norberaren nortasunari eta independentziari eutsiz kultur arloko kide denek talde kontzientzia izanda", aurrerapausoak emango dituztela.

Kultur ekimen oro antolatzean taldeek kontuan izan beharreko oinarrizko irizpide komun batzuk finkatu dituzte orain.

Programazio irizpideak. Hauek jarraituko dituzte:

  • Oreka (diziplina artekoa, espazio fisikoa, fetxei buruzkoa).
  • Taldeen inplikazioa kultur ekitaldiak antolatzean.
  • Urtean behin Kulturaldia antolatuko dute.
  • Kultur eragileei laguntza emango die Kultur Mahaiak (komunikazioa, formakuntza, material informatikoa, diru laguntzak, estatutuak…).
  • Euskara izango da komunikazio hizkuntza.
  • Herriko eragileen parte-hartzea bermatuko da (taldeak eta norbanakoak, adina eta generoa).
  • Kultur arlotik kanpoko herriko beste ekimenak kontuan hartuko dira.

Programatzeko tresnak. "Beharrezkoa da kultur ekimenak programatzea eta antolatzea erraztuko duten tresnak eskura izatea", eta horiek finkatu ditu Kultur Mahaiak. Hala, kultur ekimenen antolatzaileek jarraitu beharreko oinarrizko lan metodologia zehaztu dute batzarrean.

  • Baliabide ekonomiko-tekniko-humanoen informazioa. "Antolatu nahi den ekimena aurrera eramateko, arlo ekonomikoan gardentasuna izateko, eta arlo teknikoan baliabide eta azpiegituren informazio zehatza eta eguneratua eskura edukitzeko izango da".
  • Ekimena antolatzen hastean sarrera edo eskaera orria beteko du talde orok: data, lekua, kostua, helburuak, kontaktuak...
  • Ekimenaren ondoren, balorazio orria beteko du taldeak: ekimenak izandako harrera, kostuaren / etekinaren balorazioa...

Aurtengorako 12.000 euroko udal laguntza Kultur Mahaiari

Udalak Kultur Mahaiari 12.000 euroko diru laguntza eman dio aurten, ekaineko udalbatzarrean erabaki zuenez. Kultur weba gauzatzeko, Kultur Mahaiko teknikaria hartzeko eta lokaleko tresnerirako erabiliko du diru laguntza hori.

Besterik: udal diru laguntzen irizpideez azterketa egiten

Udalak herriko kultur taldeei urteko diru laguntzak ematean irizpide batzuk jarraitu beharko lituzkeela uste du Kultur Mahaiak, eta talde bat eratua du hori jorratzeko. Herri batzuetako ereduak aztertzen ari da, Azpeitiko taldeekin informazioa partekatzen...