Bandak eta gonbidatu bereziek agurtu dute aurtengo Tuba Jaialdia

Uztarria.eus 2019ko urr. 13a, 18:48

X. Tuba Jaialdiak gaur eguerdian izan du azken hitzordua, Soreasu antzokian. Han, Udal Musika Bandak gonbidatu bereziekin borobildutako kontzertua eskaini du. Hiru bakarlari aritu dira Unai Frantsesenak gidatzen duen bandarekin batera, kontzertuaren uneren batean: Iker Lizartza 15 urteko tronboi-jotzaile gaztea, eta bi tuba-jotzaile sonatu, David Muñoz eta Pablo Fernandez.

Tuba Jaialdiaren barruko emanaldia izaki, aire eta metal instrumentuek bereziki luzitzeko aukera izan duten errepertorioa izan du kontzertuak, Farrar, Guilmant, Allmend, Rivas, Fillmore, Baadsvik eta Montiren piezekin. Emozioz gainezka eta malkoei eutsi ezinda gogoratu du sarrerakoan Agustin Jimenezek aste honetan hil den Iñaki Alberdi. Gainean klarinete bat zuen aulki bat jarri dute agertokian bandakoek gaurko kontzerturako, hil berri den bandakide beteranoa Tuba Jaialdiaren agurreko emanaldirako prestatzen ari zela gogoratuz, eta Jimenezek esan duen bezala, "beti gure artean egongo" delako.

Ostiralean Oscar Abellaren erakuketarekin hasi ondoren, hainbat emanaldi, saio eta tailer egin dituzte X. Tuba Jaialdian. Gehienak atzo izan ziren, hala nola Soreasun bertan eman zuten Korrontzi Tuba Band ikuskizuna edo aire metalezko ikasleek Basazabaleko lorategitxoan egindako erakustaldia.

Argazki bilduma honetan daude gaur eguerdiko kontzertuaren argazkiak, baita aipatutako beste hitzorduetako batzuk ere.