Lapatx, itxi eta bi urtera

Uztarria.eus 2019ko urt. 8a, 13:53

1988. urtean zabaldu zuten Azpeitiko Lapatx zabortegia, eta 2016ko azaroaren 30ean itxi zituen ateak. Zabortegia itxi eta bi urtera, asko aldatu dira eremu hartako zoruak, andana izan baitira Lapatx behin betiko ixteko hartu dituzten neurriak. Zabortegiko jarduera amaituta, kutsadurak –lixibatuak eta metano gasak– jarraitu egiten zuen Lapatxen. Hori sahiesteko behin-behineko neurriak hartu zituen Urola Erdiko Mankomunitateak. 2017an, mankomunitateak estaldura jarri zuen hondakinak batzen ziren lur eremuan. Neurri horrekin euri urak lixibatu bihurtzea sahiestu nahi zuten, baita metano gasak atmosferara zuzenean ez isurtzea ere. Lapatx behin-betiko ixteko zabortegia zigilatu behar da, eta horretarako baimenak eskuratu behar izan ditu mankomunitateak. Duela urtebete eskuratu zituen baimenok Urola Erdiko Mankomunitateak, eta orduz geroztik, martxan da Lapatx zigilatzeko prozesua. Lan horiek lau edo bost urtetan bukatzea aurreikusten du mankomunitateak. 

Aitor Bereziartua da Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaria, eta azken bi urtetan emandako pauso guztiak azaldu dizkie Uztarriari eta Urola Kostako Hitzari honako bideo honetan.