28 urte eta gero, Lapatxek gaur itxi ditu ateak

Uztarria.eus 2016ko aza. 30a, 19:02
Ezkerretik eskubira, Xebero Agirretxe, Eneko Etxeberria, Erramun Goikoetxea eta Aitor Bereziartua, Lapatxeko sarrerako hesian.

Azken errefusa hondakinak jasota, "zabortegia behin betiko ixteko beharrezko diren tramite, zigilatze eta bestelako neurriak hartzen hasteko garaia irekiko da" bihartik aurrera, Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan. Mankomunitateko udalerrietako zaborrak Elgoibarko transferentzia gunera eramango dituzte aurrerantzean, GHK-k handik Merueloko (Kantabria, Espainia) zabortegira bideratu ditzan.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Xebero Agirretxe Errezilgoa, Erramun Goikoetxea Bidania-Goiazkoa, eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari eta Azpeitiko zinegotzia Lapatxen elkartu dira gaur arratsaldean prentsarekin, Azpeitiko zabortegiaren itxiera irudikatzeko.

Lapatx zabortegiak, izan ere, gaur itxi ditu ateak, hilaren 17an Udalak eta Mankomunitateak iragarri bezala. Gaur, 2016ko azaroaren 26an, jaso ditu Lapatxek azken errefusa hondakinak. Bihartik aurrera, Azpeitiko eta Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten gainerako herrietako zaborrak Elgoibarrera eramango dituzte, hango transferentzia gunera. Handik, eta urte amaiera arte behintzat, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK)  Merueloko (Kantabria, Espainia) zabortegira bideratuko ditu hondakinok; hortik aurrera, GHK-k erabakiko du Urola Erdiko errefusa non biltegiratu, Foru Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen errauskailua martxan izan arte.

"Eragindako kaltea zuzentzen hasteko ordua"

"Lapatx itxita, inguruan eragindako kaltea zuzentzen hasteko ordua" iritsi dela nabarmendu du Aitor Bereziartuak. Urola Erdiko Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, "zabortegia behin betiko ixteko beharrezko diren tramite, zigilatze eta bestelako neurriak hartzen hasteko garaia irekiko da" abenduaren 1etik aurrera. Besteren artean, Europako zuzentarauek horrelakoetan agintzen dute 30 urtez kontrolpean eta zaintzapean izan beharko duela zabortegiaren guneak, hondakinek sortutako lixibiatu edota gas toxikoek inguruari kalterik ez eragiteko. "Lapatxeko inguru guzti honek urte luzeak beharko baditu ere bere onera etorri eta bestelako itxura bat izateko, horretarako neurriak hartzen hasteko arora heldu gara, eta horri helduko diogu gogoz. Inguru honek bestelako itxura izan dezan egingo dugu lan datozen hilabete eta urteetan", gaineratu du Mankomunitateko egungo buruak.

Lapatxen kronologia aipatu du Bereziartuak, 1988an "20 urterako" ireki zutela gogoratuz, baina harrezkero jarri zizkioten beste bi itxiera datak ere -2009 eta 2014- ez zirela bete azpimarratuta, gaur arte. "Uste dugu 28 urte nahikoak eta gehiegi direla Azpeitiko, Errezilgo eta Bidania-Goiazko herritarrentzat etxe ondoan zabortegi bat izateko", esan du Bereziartuak. Baita Lapatx ixtea ez dela erraza izan ere: "Itxiko genuela esan genuen, eta gaur da itxiko dugun eguna. Hitza eman genien herritarrei, eta hitza beteko dugu. Baina hilabete guzti hauetako lana ez da errraza izan. Interes, zailtasun eta oztopo askoko gaia baita hondakinena gaurko Gipuzkoan".

Poza, barkamena eta elkartasuna

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere hartu du hitza gaur Lapatxen. Azaroaren 17an Lapatxen itxiera data iragarri zutenean esan zuen bezala, gaurkoa ere "oso egun pozgarria" dela esan du Etxeberriak. "Barkamena" ere eskatu die zabortegiaren inguruan bizi diren herritarrei, "badakigulako zabortegi baten ondoan bizitzea oso-oso konplikatua dela eta asko sufritu dutela". Eta, bukatzeko, "elkartasuna" adierazi die "horrelako proiektuak jaso ditzaketen beste herriei. Guk badakigu zer den zabortegi bat izatea. Ez dugu nahi kalte hori inon. Eta eskatzen diegu, arren, eskumenak dituzten erakundeei, inork inongo herritan horrelako azpiegiturak ez pairatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela". Azpeitiko alkatearen esanetan, badaude "horretarako aukerak" eta horiei eusteko eskatu du, Lapatx bezalako zabortegiak zein errauskailuak baztertuz.