Izarraitz igeri elkarteak bat egin du Kirol Orientazio Zerbitzuarekin

Uztarria.eus 2018ko urr. 23a, 20:01

Udalak eskainitako Kirol Orientazio Zerbitzuarekin bat egin du Izarraitz igeri elkarteak, eta aurrerantzean elkarteko kideek ere eskainiko dituzte ikastaroak, KOZ-en barruan. Joan zen azaroan jarri zuen erakundeak martxan jarduera fisikoa egiten hasi nahi dutenei zuzendutako aholkularitza, eta orain gutxi arte igerilekuan eta ikastetxeetan eskaini dute arreta. Zerbitzuak izandako "arrakasta" ikusita, anbulatorioan eskaintzea ere erabaki zuen Udalak. Orain, Izarraitzekoak batu dira egitasmora. 

Udalak azaldu duenez, "herriari jasotakoa itzultzeko nahaia" zutelako jo zuten igeri elkarteko kideek Udalera. Herritarrei zer eta nola eskaini zehaztu ostean, martxan da proiektua. Hain zuzen, behar bereziak dituzten herrietarrei igeriketa ikastaroak eskainiko dizkiete Izarraitzeko kideek. Ohiko kirol eskaintzetara jo ezin dutengana iritsi nahi izan du igeri elkarteak, baita inklusibitatea sustatzeko bere aletxoa jarri ere. Hil honetan bertan ekin zioten ikastaroei, eta hasteko, astean ordubetez orduerdiko bi saio eskaintzen dituzte, eta lau erabiltzaile animatu dira saioetan parte hartzera. Ziortza Beistegi da ikastaroetako begiralea, baina "erabiltzaileek behar desberdinak izan ditzaketenez", egokitutako kirol federazioko teknikarien aholkularitza izango duela azaldu du Udalak, erabiltzaile bakoitzari egokitutako saioa eskaintzeko. 

Udalaren arabera, Kirol Orientazio Zerbitzuaren helburua da "jarduera fisikoaren onurak ahalik eta herritar gehienengana iristea", horien osasun fisikoa, psikikoa eta soziala hobetzeko.