Jarduera fisikoa egiten hasi nahi dutenentzako doako aholkularitza martxan da

Uztarria.eus 2018ko urt. 25a, 19:08
Udaleko, Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek herriko eragileen ordezkariekin aurkeztu dute zerbitzua. (Azpeitiko Udala)

Udalak Kirol Orientazio Zerbitzua aurkeztu du. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean emango du, eta herriko hainbat eragileren zubi-lanarekin, "sedentarismoari aurre egin, eta herritarrak ariketa fisikoa egitera erakartzeko" helburuarekin.

Kirol Orientazio Zerbitzua jarri du martxan Azpeitiko Udalak, jarduera fisikoa egiten hasi nahi duten herritarrentzako doako aholkularitza, "sedentarismoari aurre egin, eta herritarrak ariketa fisikoa egitera erakartzeko" helburuarekin.

Azarotik ari da lan horretan teknikari bat, baina orain aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ematen hasi diren ahokularitza zerbitzua. "Orain artean sukaldeko lana egin dugu. Ariketa fisiko gutxi egin edo ariketa fisikoaren bidez onurak izan ditzakeen jendea detektatzeko eragileekin egin dugu lanketa. Eragileak zubi-lanean ari dira, eta eskertzekoa da benetan", adierazi du Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak. Herriko ikastetxeak, Baigera, Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Eguneko Zentroa eta anbulatorioa dira, hain zuzen ere, aipatutako zubi-lana egingo duten eragileak.

Maider Aizpurua da Kirol Orientazio Zerbitzu berriaren teknikaria eta azarotik gaurdaino egindako lanaren "balorazio oso positiboa" egin du: "Aurreikusita baino jende gehiago etortzen ari da, eta oso gustura gaude. Eragileek zerbitzuarekin onurak izango dituztela uste duten pertsonak detektatu eta bideratzen dituzte. Zita jartzen dugu eta orientazioa eskaintzen diegu, jarduera fisikoa egiten hasteko".

Asteartetan izaten da Aizpurua igerilekuan, 10:30etik 12:00etara eta 15:30etik 17:00etara; dena den, aurrez txanda hartu behar dute zerbitzua kontsultatu nahi dutenek. Haurren kasuan, eskola orduetan (jolas denboran) Aizpurua bera joaten da ikastetxeetara, kontsulta egitera.