Urriaren 15ean itxiko da alokairurako diru-laguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 18:12

Dagoeneko jasotzen dutenek ere jasotzen jarraitu ahal izateko eskaera berritu behar dutela gogorarazi du Udalak. 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banandutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko diru-laguntzak.

Hil honetan bukatuko da alokairuak ordaintzeko Udalak ematen dituen diru-laguntzak eskatzeko epea. Hain zuzen ere, hilaren 15a arte aurkez daitezke aurten laguntza jaso ahal izateko eskaerak udaletxean.

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banandutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. Udalak 180.000 euroko diru poltsa bideratu du aurten laguntza horietarako, eta gogorarazi du dagoeneko alokairurako laguntza jasotzen ari direnek ere berritu egin behar dutela eskaera, laguntza jasotzen jarraitu ahal izateko.

Ekainean ireki zuen Udalak alokairurako diru-laguntzen deialdia. Hemen, diru-laguntza horien gaineko xehetasun guztiak.