Dagoeneko eska daitezke etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak

Uztarria.eus 2018ko eka. 26a, 16:40

Elizkalea egun arrunt batean.

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. Urriaren 15ean itxiko da eskaerak egiteko epea. Laguntza horiek emateko, Udalak 180.000 euroko diru poltsa jarri du aurten.

Zabalik dago etxebizitzen alokairurako diru-lagunzak eskatzeko epea. Azken urteetan bezala, aurten ere 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. Eskaerak egiteko epea urriaren 15ean itxiko da. Azpeitiko Udalak 180.000 euroko diru poltsa jarri du etxebizitzak alokatzeko sostengu ekonomikoa behar duten herritarrei laguntzeko.

Eskatzaileei emango zaien diru kopurua eskaera egin duen pertsonaren diru-sarreren araberakoa izango da.  Honako irizpide hauei jarraituko die Udalak eskaera egin dutenei diru-laguntzak banatzerakoan: 

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Diru laguntzak eskatzeko alokairuaren errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro banatuko ditu.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Diru-laguntzen eskaera udaletxean egin behar da. Laguntza ekonomikoa eskatzen duten herritarrek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte urriaren 15a baino lehen: 

1. Eskabide-orria beteta eta sinatuta.

2. Laguntza eska tzen duen pertsona bakoitzaren Nortasun Agiriaren edo egoitza-txartelaren fotokopia.

3. Eskatzailearen eta Bizikidetza Unitatearen errolda agiria.

4. Etxe bizitzaren alokairu-kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagundu daitekeen epe barnekoa.

5. Kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.

6. Espainian etxe bizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak igorria, laguntza eskaera eman baino gehienez 15 egun lehenagokoa.

7. Bizikidetza Unitateko kide guztien diru-sarreren egiaztagiriak: pentsioak, nominak edo beste diru-sarreren agiriak (dagokion erakundeak igorrita).

Udalaren etxebizitza politika 

Alokairua ordaintzeko emandako diru-laguntza "azken urteotan etxe hutsetatik abiatutako etxebizitza politika abian jartzeko oinarri sendoen baitan" kokatzen du Azpeitiko Udalak. "Etxebizitzen alokairurako laguntzak ematen lehenetariko Udala izan ginen. Pixkanaka-pixkanaka herri gero eta gehiagotan ematen da", azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak. Udalak azpimarratu duenez, "diru-laguntza preziatua da herritarren artean". Era berean, erakundeak nabarmendu du diru-laguntza hori hasieran bereziki gazteentzat zuzendutako bazegoen ere, "premia eta eskaeren arabera" egokitu ostean, gaur egun beste hainbat kolektiborentzat ere badela. 

Udalak azaldu duenez, alokairurako diru-laguntza martxan jarri zenetik urtez urte gero eta herritar gehiagok eskatu dute sostengu ekonomikoa. Iaz, 77 herritarrek jaso zuten. Azpeitiko Udalak suela bost urte eman zuten aurrenekoz alokairurako diru-laguntza, eta orduz geroztik 300 herritar baino gehigok jaso dute sostengu ekonomikoa. 

Erakundearen arabera, alokairuko diru-laguntzak ematearen erabakia "etxebizitza politika berri bat diseinatzeko hartutako lehen erabakietakoa" izan zen. Ordutik, etxebizitza beharraren inguruko ikerketak egin eta babestutako etxebizitzak eraikitzeko neurriak ere hartu ditu Udalak. "Pixkanaka etxebizitza politika berri eta progresiboak abian jartzeko pausoak ematen ari gara. Herritarren etxebizitza premia asetzea da gure helburua, eta horretan jarraituko dugu", azpimarratu du Ainara Larrañaga zinegotziak.