Joseba Albizu hirugarren, Alpeetako Iron Bike proban

Uztarria.eus 2018ko uzt. 31a, 17:47

Marka bikainak lortzen jarraitzen du Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak. Albizu hirugarren sailkatu da Alpeetan jokatu berri den mendi bizikletako 25. Iron Bike proban. Zortzi egunetan 650 kilometro egin dituzte proban lehiatu diren 160 txirrindulariek, eta ez da lan erraza izan. Horren erakusle da ibilbidearen 25.000 metroko desnibela. Gainera, denetariko oztopoei aurre egin behar izan diete Iron Bike-ko parte-hartzaileek etapaz etapa. Izan ere, txirrindulariek ibilbidearen zenbait zati oinez egin behar izan dituzte, bizikleta gainean hartuta. Maila ona erakutsi du Albizuk hasieratik bukaerara. Gainera, seigarren etapan, Chabertong (3.100 metro) mendikoan, nagusi izatea lortu du azpeitiarrak. Alpeetako Iron Bike probako sailkapen orokorrean brontzezko domina eskuratu du Albizuk, baina horrez gain, bere kategorian, Master 40 kategorian, aurreneko postuan sailkatu da. 

Txirrindulari azpeitiarrak Mendiko Bizikletako Europako Ultramaratoi Txapelketa irabazi zuen ekainaren 30ean bigarren urtez jarraian, eta haren garaipena aitortzeko harrera egin zion Udalak. 

(Argazkia: Cablepress)