Azkoitiaren aurkako finalik ez

Uztarria.eus 2018ko eka. 24a, 12:33
Ilunpeko pilotariak, Oiartzunen jokatutako finalaurrekoan. (Ilunpe)

Azpeitiak Ataunen aurka jokatuko du eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala. Azkoitiak eta Ataunek atzo jokatu zituzten finalaurreko itzulerako partidak: 3 eta 3 berdindu zuten, baina, bi tantorengatik, finaletik kanpo gelditu dira azkoitiarrak.

Ilunpeko pilotariek ostiralean jokatu zituzten eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaurreko itzulerako partidak, Oiartzunen, eta finalerako txartela eskuratu zuten azpeitiarrek. Ez zekiten, ordea, zein herriren aurka jokatuko zuten final handia, atzo gauera arte. Izan ere, atzo, larunbata, jokatu zituzten beste finalaurreko itzulerako partidak Azkoitiak eta Ataunek, eta lehia estua izan bazen ere, Ataunek lortu zuen finalera sailkatzea.

2 eta 1eko abantailarekin joan ziren Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko pilotariak atzo Ataunera. Azken unera arte lehia estua izan zen pilotalekuan, baina, azkenean, bi tantorengatik ez zuen lortu finalera sailkatzea Azkoitiak. Kadeteen partida, 22 eta 21 irabazi zuen Ataunek; gazteen mailakoa, 11 eta 22 Azkoitiak; eta seniorrena, 22 eta 11 galdu zuen Azkoitiak. Hiruna berdinduta gelditu ziren bi herriak, baina, guztira, bi puntu gehiago eskuratu zituen Ataunek (102-100).

Beraz, ikusmin handia bazen ere, azkenean ez da Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko finalik izango aurtengoan. Azpeitiak eta Ataunek jokatuko dute final handia, datorren larunbatean, hilaren 30ean, Donostiako Atano III.ean, 16:30ean hasita.