Azpeitiak Herriarteko Pilota Txapelketaren finala jokatuko du

Uztarria.eus 2018ko eka. 23a, 14:01

Atzo, ostirala, jokatu zituzten Ilunpeko pilotariek eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaurreko itzulerako partidak, Oiartzunen. Ilunpeko pilotariek 2 eta 1 galdu zuten arren Oiartzungoen aurka, joanekoan Azpeitian lortutako 3 eta 0 emaitzari esker, Herriartekoaren finalerako txartela lortu zuten.

Atzoko lehen partida, kadete mailakoa, Aimar Egigurenek eta Josu Labakak jokatu zuten, eta 22-16 galdu zuten. Gorka Iriartek eta Haritz Larrañagak jokatu zuten jubenilen arteko partida, eta 22-21 galdu zuten. Hirugarren partida, ordea, seniorrena, azpeitiarrek irabazi zuten, finalerako sailkapena lortuz. Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok 12-22 irabazi zuten.

Herriartekoaren eskuzko finala hilaren 30ean izango da Donostiako Atano III.ean, 16:30ean hasita. Finaleko aurkaria, gaur, larunbata, ezagutuko dute Ilunpekoek. Bigarren finalaurrekoaren itzulerako partidak Azkoitiak eta Ataunek jokatuko dituzte gaur, 19:00etik aurrera, Ataunen.