Erabaki dira Futbito Txapelketa Herrikoiaren finalistak

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 14:34

Finalaurrekoak jokatuta, finalaren atarian da Azpeitiko Sarek antolatutako Futbito Txapelketa Herrikoia. Atzo jokatu zen azken finalaurrekoa, eta dagoeneko erabaki da zein talde arituko diren biharko finalean. Korrale eta Ekuprix taldeak jokatuko dute Kopako finala, 16:00etan hasita. Horren ostean jokatuko da Ligako finala, eta lehian arituko dira Txominekuek eta Hilarte, garaipena nork eskuratuko. Sareko kideek herritarrak animatu nahi dituzte lagunarteko futbito txapelketako finalak ikustera anima daitezen.

Astelehenean Hilarte eta Txifor taldeak aritu ziren nor baino nor. Bi taldeak gogor aritu ziren finalera sailkatzeko behar zuten garaipena eskuratu nahian. Azkenean, Hilarte taldeko mutilek eskuratu zuten finalerako txartela. Asteartean, Korrale eta Dandelion taldeak aritu ziren lehian, kopako finalera zein sailkatuko. Korrale gehiago izan zen markagailuan, eta biharko finalean izango da. Asteazkenean, Txominekuek eta Psikotek taldeen txanda izan zen. Horiek ligako finalerako txartela zuten jokoan, eta Txominekuek irabazi zuten partida. Atzo, osteguna, Ekuprix eta Gaztetxie taldeak jokatuko dute azken finalaurrekoa, eta Ekuprix nagusitu zen markagailuan. 

Aurten, bederatzi taldek parte hartu dute euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen alde egiten den futbito txapelketan. Honako hauek izan dira parte-hartzaileak: Ekuprix, Gaztetxie, Dandelion, Txominekuek, Korrale, Txifor, Hilarte, Psikotek eta Xibot. Maiatzaren 7an ekin zioten lagunarteko sariketari. Eguzki zein euri, asteron Betharram eraikineko jolastokian partidak jokatzen aritu ostean, biharko finalarekin agurtuko dute txapelketa herrikoia hurrengo urtera arte. Antolatzaileak "gustura" agertu dira txapelketan zehar sortutako giroarekin, baina datozen urteetara begira emakumeak animatu nahi dituzte bertan parte hartzera. Aurten, zenbait emakume animatu da txapelketan parte hartzera, Gaztetxeko taldearekin.