Futbito txapelketa, amaitzear

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 21a, 20:26
Hilarte taldea da finalera pasa den taldeetako bat.

Zapatuan jokatuko dira Azpeitiko Sarek antolatutako sariketaren finalak, plazan. Aurten, bederatzi talde aritu dira lehian. Nesken parte hartzea sustatzea nahi dute datozen urteetan. Gaur jakingo dira zein diren finalean arituko diren talde guztiak.

Maiatzaren 7an hasi zen Azpeitiko Sarek antolatutako Futbito Txapelketa Herrikoia. Bederatzi taldek parte hartu dute lehiaketan, eta joan zen astean amaitu zituzten liga erregularreko partidak. Lehen fase hori bukatuta, finalaurrekoak jokatzen ari dira astelehenaz geroztik. Ligako eta kopako finaletan zein talde arituko diren finalaurrekoetan erabakiko da. Zapatuan, ekainaren 23an, jokatuko dituzte ligako zein kopako finalak plazan, 16:00etan hasita.

Astelehenean Hilarte eta Txifor taldeak aritu ziren nor baino nor. Partidak lehia usaina hartu zuen, eta bi taldeak gogor aritu ziren finalera sailkatzeko behar zuten garaipena eskuratu nahian. Azkenean, Hilarte taldeko mutilek eskuratu zuten finalerako txartela. Asteartean, Korrale eta Dandelion taldeak aritu ziren lehian, kopako finalera zein sailkatuko. Korrale gehiago izan zen markagailuan, eta larunbateko finalean izango da. Atzo, aldiz, Txominekuek eta Psikotek taldeen txanda izan zen. Horiek ligako finalerako txartela zuten jokoan, eta Txominekuek irabazi zuten partida. Horrenbestez, haiek ariko dira Hilarteren aurka zapatuan. Gaur, osteguna, Ekuprix eta Gaztetxie taldeak jokatuko dute azken finalaurrekoa, eta irabazten duen taldeak parez pare izango du Korrale zapatuko kopako finalean.

Aldarria eta kirola, eskutik

Urteak dira futbito txapelketa aurrenegoz egin zutenetik, eta orduz geroztik herriko hainbat taldek hartu dute txapelketaren ardura. Hainbat urtetan, Azpeitian Gazteok Zer? taldeak antolatu zuen txapelketa. Gaztetxeak hartu zuen lekukoa gero, eta azkenengo urteetan Azpeitiko Sarek antolatu du txapelketa, baita aurten ere. Haritz Arakistain da arduradunetako bat, eta hark kontatu duenez, "gustura" hartu zuten Gaztetxearen lekukoa: "Urte luzez antolatu zuen Gaztetxeak futbito txapelketa, baina duela urte batzuk ardura hori uzteko erabakia hartu zuten. Orduan, guri proposatu ziguten txapelketa antolatzeko, eta pozez hartu genuen deia. Izan ere, interesgarria iruditu zitzaigun Sareren mezua jendearengana zabaltzeko". Arakistainek kontatu duenez, futboleko txapelketa herrikoi bat bada ere, atzetik aldarri bat duen sariketa dela gogoratzeko saiakera egiten dute beti: "Txapelketan zehar, bertan parte hartzen duten lagunei argazki bat ateratzeko eskatzen diegu urtero; hau da, presoen aldeko mezua zabaltzeko konpromisoa eskatzen zaie, ezin baita ahaztu, futbito txapelketa euskal presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko egitasmo bat dela, eta ez lehia". Azken urteetan parte hartzeak behera egin badu ere, "giro sanoagoa" egoten dela uste du Arakistainek, "ez horren lehiakorra". Hala ere, nesken parte hartzea sustatu nahi dute.

Aurten, Gaztetxeko taldetik hainbat emakumek hartu dute parte txapelketan, eta horietako bat da Mikele Lapeira. Hark uste du, aurtengoa urrats bat izan dela datozen urteetara begira: "Gaztetxeko neskak ez ezik, futbolera animatu nahi zuen emakumeei egin genien deia. Entrenamenduak egiten aritu ginen, eta partidaren egunean libre geundenok jokatu genuen. Ez genuen golik sartu, baina mundial pasatu genuen, eta oso motibatuta irten ginen partidatik. Hurrengo urtera begira, dagoeneko jaso ditugu proposamenak talde mistoak osatzeko, eta hori ederra da. Jendea gogutsu dago, eta ziur bide ematen diola giro sano eta parekideago bati".