Eskuzko Herriartekoaren finalerako lehen urratsa egin du Azpeitiak

Uztarria.eus 2018ko eka. 16a, 11:44

Esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala, zazpigarren txapelarenagtik borrokatzeko aukera, gertu dauka Azpeitiak. Frontoi Txikian, 3-0 irabazio zion Oiartzuni -iazko finalean aurkari izan zuen herria- finalaurrekoetako joanekoan; beraz, lanak asko aurreratuta utzi dituzte egungo txapeldunek datorren asteburuan Oiartzunen jokatuko duten itzulerarako. Palistak dagoeneko finalean direla, aurtengo bigarrena eskura du Azpeitiak.

Emaitza orokorra ezin borobilagoa izan bazen ere, lana gogotik eginda lortu zituzten garaipenak Ilunpe elkartekoek, batik bat lehendabiziko bi partidetan. Kadeteetan, 22-16 irabazi zuten Unai Alberdik eta Jakes Elosegik; eta jubeniletan, 22-19 Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek. Seniorretan lortu zuen Azpeitiak emaitzarik argiena: 22-9 nagusitu ziren Jon Alberdi eta Daniel Murgiondo.

Festa giroan

Beti izaten da festa eta saltsa Frontoi Txikian Azpeitiak Herriarteko txapelketaren partidak dituenean. Atzo ere gainezka egon zen pilotalekua, baina giroa ohi baino lehen hasi zen berotzen. Izan ere, Ilunpek parrillada prestatu zuen frontoi ondoan bertan, ikusleei babesa eskertzeko keinu gisa. Euritan izan arren, inguratu zuen jendea parrilladak.

(Argazkiak: Ilunpe eta Uztarria)