Azpeitia, Herriartekoaren gomazko paletako finalera

Uztarria.eus 2018ko eka. 15a, 13:57
Urtzi Lopetegi pilota astintzeko prest, atzo, Txikuri pilotalekuan.

Joanekoan bezala, 2 eta 1 nagusitu ziren azpeitiarrak Zumarragaren kontra atzo, Urrestillan jokatu zuten finalaurrekoaren itzulerakoan. Hilaren 24an jokatuko dute finala, Donostiako Altzako frontoian. Asteburuan jakingo dute zeinen kontra, Hernani ala Donostia.

Gipuzkoako Herriartekoaren I. Gomazko Paleta Txapelketaren finala jokatuko du Azpeitiak datorren San Juan egunean, finalaurrekoetan Zumarraga kanporatu ondoren. Atzo arratsaldean jokatu zuten finalaurrekoaren itzulerakoa Urrestillako Txikuri pilotalekuan, eta joanekoan Zumarragan lortutako emaitza berarekin nagusitu ziren Azpeitiko pilotariak, 2 eta 1.

Zumarragan bezala, buruz buruko bi partidak irabazi zituen atzo Azpeitiak. Frontoi osokoan, Urtzi Lopetegi 20-14 nagusitu zitzaion Rodriguezi, itzulerakoaren lehen partidan. Binanako neurketan, aldiz, Zumarragakoentzat izan zen puntua; 20-14 galdu zuten Eneko Martijak eta Oier Alkortak Anduezaren eta Vianaren kontra. Kanporaketa hiruna zela ekin zioten, beraz, partida erabakigarriari Asier Egiguren azpeitiarrak eta Juanena zumarragarrak. Joanekoan ozta-ozta irabazi zuen Egigurenek (19-20) Azpeitiari itzulerakorako abantaila eman zion partida; atzo, berriro lortu zuen garaipena eta, horrekin batera, finalerako txartela ere bai, 20-15.

Finala, Donostian

Donostiako Altzako frontoian jokatuko dute ekainaren 24ko finala, 11:00etatik aurrera. Aurkari zein izango duen jakitea falta zaio Azpeitiari, Hernani ala Donostia, bigarren finalaurrekoaren itzulerakoa igandean jokatuko baitute, Hernanin; joanekoan, 2 eta 1 irabazi zuen Donostiak.