Bartzelonak irabazi du kimu mutilen Azpeitia Cup

Uztarria.eus 2018ko eka. 10a, 21:33

Bartzelonak irabazi du kimu mutilen Azpeitia Cup txapelketa. Gaur jokatu du taldeak finala Espanyolen aurka, eta 2-0 nagusituta, Bartzelonara eraman dute aurtengo edizioko kopa. Hirugarren eta laugarren postuak izan dira jokoan gaur eguerdian, eta 3 eta 1 nagusitu da Real Madrid Malagaren aurkako neurketan. Afizio onenaren saria, berriz, Getafek jaso zuen. Nabarmendutako futbolariaren oroigarria Real Madrileko Pablo Melerok jaso zuen, eta nabarmendutako atezainik onenarena Levante taldeko Lucas Martinezek.

Ostiralean hasi zen Azpeitia Cup lagunarteko futbol txapelketa, eta hiru egunetan jendetza izan da Garmendipeko futbol zelaietan. 40 taldek parte hartu dute, eta, guztira, 64 neurketa jokatu dituzte horiek. Aurten, gainera, nazioarteko taldeek ere parte hartu dute ehen aldiz; izan ere, Alemaniako Tus Makkabi Frankfurt eta Japoniako Yokohama F. Marinos taldeak Azpeitian izan dira egunotan. 

Mutilen txapelketa bukatuta, neskena iritsiko da datorren asteburuan. Ekainaren 16an eta 17an, berriz, infantil neskek hartuko dituzte Garmendipeko futbol instalazioak. Inoiz baino talde gehiago ariko dira nor baino nor lehian; 36 talde, guztira. Horietako gehienak Euskal Herriko taldeak izango dira, baina Espainiatik ere etorriko dira, besteak beste, Asturiasetik, Madrildik eta Errioxatik. Kataluniako hainbat taldek ere parte hartuko dute txapelketan.

(Argazkiak: Azpeitia Cup eta Twitter)