Azpeitia Cupek osatu du lehen jardunaldia

Uztarria.eus 2018ko eka. 8a, 21:47

Hasi da kimu mutilen aurtengo Azpeitia Cup lagunarteko futbol txapelketa, eta hartu du lehen betekada Garmendipek. 18:00etatik aurrera jokatu dituzte lehen jardunaldiari zegozkion hamasei partidak, launaka, zelai nagusia zein artifiziala bitan banatuta. Bero egiten zuen Garmendipen, eta jokalariek eguzkiari ihes egiteko aukerarik izan ez duten arren, partidak ikustera inguratu diren ehunka lagunetako batzuek, behintzat, izan dute itzal apurrak betetzeko aukera, harmailetan edo kantina inguruan.

Bihar, 09:00etan hasiko dira goizeko aurreneko partidak, eta 12:30ean azkenak; arratsaldean, berriz, 16:30ean lehendabizikoak eta 20:00etan azkenak. 40 talde ariko dira lehian eta, guztira, 64 neurketa izango dira.

Igandean, txapelketaren azken egunean, lehen bi egunetako sailkapen fasean aurrera egiten dutenek final laurdenetako ligaxka jokatuko dute –24 partida guztira–, 09:00etan hasita. 12:10ean hasiko dira bi finalaurrekoak, 12:45ean hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, eta 13:15ean izango da finala.