San Martin egoitzakoak esker onez agurtu ditu Iraurgi Ikastetxeak

Uztarria.eus 2018ko mai. 25a, 20:22

Apirilean, Aste Santuko oporretatik bueltan, estreinatu zuen Iraurgi Ikastetxeak Betharrameko eraikin eraberritua. Harrezkero han ari dira eskolak ematen orain arte Milagrosa zeneko eraikinean egon diren haurreskolako eta Haur Hezkuntzako ikasleak ere, Lehen Hezkuntzakoekin batera. Horrela, lehen Iraurgiko txikienek bertatik bertara zuten San Martin egoitza urrutixeago dute orain. Urteetan izandako harremana eteko asmorik ez dute ikastetxekoek, baina esker ona agertuz agurtu nahi izan dituzte herriko adinekoen egoitzakoak.

Horretarako ekitaldia egin dute gaur goizean San Martinen. Iraurgiko ikasleek, zuzendaritzakoek eta irakasleek San Martin egoitza eta fundazioa eskertu dituzte bertan, musikarekin, bertsoekin, kantuekin eta dantzekin. Udaleko ordezkariak ere ez dira falta izan, San Martin Fundazioaren lehendakari ere baden Eneko Etxeberria alkatea buru zutela.

1869. urtean iritsi ziren Karidadeko alabak Azpeitira. 1898an ireki zuten ikastetxea, eta ikastetxe hori Iraurgi Ikastetxera batu zen 2002. urtean, herriko gainerako ikastetxe erlijiosoekin batera. Karidadeko azken mojek 2008an utzi zuten Azpeitia, baina Iraurgi Ikastetxeak haien egoitza izandakoa erabiltzen jarraitu du orain arte.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)