Iraurgi Ikastetxeak zabaldu ditu "habi berriko" ateak

Uztarria.eus 2018ko api. 9a, 21:21

Iraurgi Ikastetxeko ikasleak itzuli dira eraberritutako Betharram eraikinera. Gaur, astelehena, ekin diote eskolei berritutako eraikinean, inaugurazio ekitaldia egin ostean. Iraurgiko arduradunak "hunkituta" agertu dira ikastetxeko ateak zabaltzean: "Guztiok irrikaz zain egon garen eguna iritsi da; amestutako kabiaren ateak zabaldu ditugu. Opari preziatu bat jasotzen dugunean bat-bateko bizipoza sentitzen dugu, gorde ezin dugun emozioa, maite ditugunekin konpartitzeko beharra... Hori da sentitzen duguna".

Inaugurazio ekitaldian iraganera begira jarri dira, eraikin berria izatea ahalbidetu duten guztiei esker ona adierazteko. Baina atzera ez ezik, etorkizunera ere begiratu dute, eta elkarrekin ikastetxeko txoko guztiak "ilusioz eta pozez" beteko dituztela adierazi dute. Ekitaldia amaitzeko Julen Badiolak Iraurgiko ikasle ohiak aurreskua dantzatu du, egungo ikasle gazteen begiradapean. 

Asmoak beteta

Betherrameko konpontze lanak hasi aurretik, Iraurgi Ikastetxeak hiru egoitzatan zituen banatuta bere ikasleak, Artzubian, Betharramen eta Etxe Alain. Orain, eraikin berean elkartuko dira Milagrosa zeneko eraikinean zeuden haur eskolako haurrak, eta Haur Hezkuntzako zein Lehen Hezkuntzako gelak.

Iaz hasi ziren Iraurgi Ikastetxearen Artzubia kaleko eraikina berritzeko lanak. Obrek 3,1 milioi euroko aurrekontua izan dute. Udalak %25 ordaindu du, eta ikastetxeak 20.000 euroko alokairua ordainduko dio erakundeari urtero. Izan ere, Betharram Udalaren eraikina bada ere, 2016an onartu zuten Iraurgik uzteko eta berritzeko hitzarmena  aho batez. Hitzarmen berrian oinarrituta, Iraurgi Ikastetxeak aspalditik zuen asmo bati ekin zion: Betharram eraberritzea eta, Lehen Hezkuntzako ikasleekin bateratuz, haurreskolakoak eta Haur Hezkuntzakoak ere eraikin horretara eramatea. Dagoeneko bete dute asmoa.

Eraikin publikoa izanik, herri galdeketa deitu zuten Udalak eta Iraurgik Betharrameko fatxadaren diseinua aukeratzeko. Orotara, 849 herritarrek eman zuten boza galdeketan, eta horiek erabaki zuten Betharram berrituaren kanpoko itxura.