Iraurgi Ikastetxeak Betharram berritzeko eta erabiltzeko hitzarmen berria onartu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko mar. 2a, 19:09
Betharrameko eraikina, Jose Artetxe kalean.

Egun Milagrosa zeneko eraikinean dauden haurreskola eta Haur Hezkuntzako gelek eta Lehen Hezkuntzakoek bat egingo dute, horrela, udal jabetzakoa den Betharramen. Berritze lanek 3,1 milioi euroko aurrekontua izango dute; Udalak %25 ordainduko du, eta ikastetxeak 20.000 euroko alokairua ordainduko dio urtero. Obrak uztailean hasi eta 2017-2018 ikasturtea hasteko bukatuta egotea aurreikusten dute Iraurgiko arduradunek. Horregatik, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat behin-behineko egoitza bila ari dira, 2016-2017 ikasturterako.

Iraurgi Ikastetxeak eta Udalak Betharrameko eraikina ikastetxeari uzteko hitzarmena berritu dute eta hitzarmen berria aho batez onartu zuten atzo, asteartea, martxoko udalbatzarrean. Udala da Betharramen jabea, eta Iraurgiri utzita dauka; ikastetxearen Lehen Hezkuntzako zikloaren egoitza da, hain zuzen ere, Jose Artetxe kaleko eraikina. 

Hitzarmen berriarekin, Udalaren eta ikastetxearen arteko "harreman juridikoa aldatu" egingo da, Eneko Etxeberria alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez. Horrela, aurrerantzean urtean 20.000 euroko alokairua ordainduko dio ikastetxeak Udalari. Eta hitzarmen berrian oinarrituta, Iraurgi Ikastetxeak aspalditik zuen asmo bati ekingo dio: Betharram eraberritzea eta, Lehen Hezkuntzako ikasleekin bateratuz, haurreskolakoak eta Haur Hezkuntzakoak ere eraikin horretara eramatea.

Iraurgi Ikastetxeak hiru egoitzatan banatuta dauzka bere ikasleak: Artzubian, Milagrosa zeneko egoitzan, haurreskolakoak eta Haur Hezkuntzakoak; Jose Artetxen, Betharramen, Lehen Hezkuntzakoak; eta Etxe Alain, Iraurgi eta Jesuitinen garai bateko ikastetxean, DBHkoak eta Batxilergokoak. Maje Agirre Iraurgiko zuzendariak nabarmendu duenez, "2002tik aritu da ikastetxea Udalarekin hitzarmen berria negoziatzen. Jende askok egin du lan hau lortzeko eta oso garrantzitsua da guretzat atzo onartutakoa". Agirreren esanetan, "beti egon izan dira zurrumurruak, Milagrosarekin zer pasatuko zen". Gaur egun San Martin Fundazioarena den egoitza utzi eta Betharramen 0-13 urte arteko ikasleak batzea izan da, beraz, ikastetxearen nahia, eta hori egitea posible izango dute orain.

Erabateko berritzea

Iraurgik prest dauka Betharram eraberritzeko proiektua. Berritze lanek 3,1 milioi euroko aurrekontua izango dute eta Udalak, gehienez, kostuaren %25 ordainduko du, hitzarmenean adostu dutenez. "50 urtean berritzerik ez" du ezagutu Betharramek, Maje Agirrek dioenez: "Udalak gelak-eta txukun mantentzeko lanak egin ditu, margotze lanak ere bai, baina gainontzean ez da ezer egin". Orain, berriz, "egitura mantenduta, gainontzeko guztia aldatuko da. Espazio guztiak berrituko dira, fatxada ere bai". Goreneko solairuan dauden gelak ere, garai batean Betharramdarren ordenako apaizek erabiltzen zituztenak, ikastetxearen beharretara egokituko dituzte. Udalak, hori bai, beheko solairuko erakusketa eta ekitaldi gelaren erabilera mantenduko du.

Obrak uztailean hasi eta 2017-2018 ikasturtea hasteko bukatuta egotea aurreikusten dute Iraurgiko arduradunek. Horregatik, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat behin-behineko egoitza bila ari dira, 2016-2017rako, datorren ikasturte horretan Betharram ezingo baitute erabili. "Aukerak lantzen ari gara, baina oraindik ezin dugu ezer ziurtatu. Kontua guztiz itxita izan arte, nahiago dugu ezer ez aurreratu", dio Maje Agirrek, "guztiontzat onena izango den irtenbidea" lortzea espero dutela gaineratuta. 2017ko irailean eskolak Betharram berrituan hastea dute helburu eta amets. Bien bitartean, haurreskola eta Haur Hekuntza Milagrosan mantenduko dituzte.