Beste bi eraikin erosi ditu Udalak Alde Zaharrean, zortzi etxebizitza eraikitzeko

Uztarria.eus | Hirigintza | Artikulua
2018-05-08 11:56

Done Jakue kaleko apaiz etxea zena eta Errebalean Arronanekoa zegoen etxe-ataria dira erosi dituenak; bakoitzean lau etxebizitza eraiki nahi ditu. Iaz beste bost eraikin erosi zituen Udalak, etxebizitza publikoen eskaintza indartzeko eta Alde Zaharra biziberritzeko egitasmoaren barruan.

Udal ordezkariak eta Kepa Susperregi parrokoa, Done Jakueko apaiz etxea zenaren atarian. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Udalak beste bi eraikin erosi ditu Alde Zaharrean, horiek eraberritzeko eta zortzi etxebizitza eraikitzeko asmoarekin. Done Jakue kaleko apaiz etxea zena, Frontoi Txikiaren ondoan, eta Errebalean Arronanekoa zegoen etxe-ataria dira erosi dituenak; bakoitzean "epe motzean" lau etxebizitza eraiki nahi ditu.

Iaz, beste bost eraikin bereganatu zituen Udalak Alde Zaharrean, orain erosi dituenekin bete nahi dituen helburu berberak uztartzeko: etxebizitza publikoen eskaintza handitzea eta Alde Zaharra eraberritzea. Joan den urte amaieran erositako etxe atariei dagokienez, Elizkaleko hirurak bota eta 12 etxebizitza berri eraikiko ditu Udalak; Done Jakuen erositako biak ere bota egingo dituzte, baina leku horretan ez dute etxe berririk eraikiko.

"Ekimen pribatuko eskaintzetan dauden etxe libreen eskaintza, eskaintza publikoarekin orekatu eta arrazionalizatu nahi dugu. Eta, bide batez, eremu urbano zaharkituari irtenbidea eman", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Herrigunean "esku askotan banatuta dauden etxe zahar asko" daudela azaldu du Udalak, eta horrek "bidea asko zailtzen" duen arren "indar berezia egiten" ari direla. "Etxeak erosita Alde Zaharrean eragiteko zailtasun handiak" dituztela aitortu du Leire Goenaga zinegotziak. "Hala ere, Elizkaleko hiru etxe atari eta oraingo bi hauek erosita, pauso garrantzitsuak emango" dituztela nabarmendu du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa