Etxebizitza beharrei erantzuteko, Alde Zaharrean hainbat etxe bloke erosi du Udalak

Uztarria.eus 2017ko abe. 19a, 18:00
Josu Labaka, Leire Goenaga eta Aitor Bereziartua Udalak Elizkalean erosi dituen etxebizitza blokeen aurrean. (Julene Frantzesena)

Elizkalean hiru etxebizitza bloke eta Done Jakuen beste bi erosi ditu Udalak. Elizkaleko etxe horiek bota, eta 12 etxebizitza eraikiko dituzte datozen hilabeteetan. Herritarren etxebizitza beharrak ezagutzeko egindako azterketaren ondorioetatik abiatuta, hainbat urrats egin du Udalak, eta hamar bat urterako Etxebizitza Plana osatuko du.

Azpeitiko Udalak hainbat etxebizitza bloke erosi du Alde Zaharrean. Herritarren "etxebizitza beharra" asetzeko egin ditu erosketak Udalak; hain zuzen ere, Elizkalean hiru etxebizitza bloke eta Done Jakue kalean beste bi eskuratu ditu. Dagoeneko sinatu dute aurrekontratua etxejabeek eta Udalak, eta datozen hilabeteetan hasiko da erakundea proiektuak idazten.

Leire Goenaga Udal Gobernuko zinegotziak azaldu duenez, hainbat urrats ari da egiten udala "etxebizitza eskubidea bermatzeko". Hark gogorarazi du, orain urte batzuk alokairurako diru-laguntzak jarri zituela Udalak, eta, horrez gain, etxe hutsen gaineko zergan gainkarga ezarri dutela, "etxe hutsak merkatura ditzaten". Gainera, Udalak herritarren etxebizitza beharrak ezagutzeko azterketa egin zuen joan zen urtean, eta martxoan jakinarazi zituen lan horren emaitzak. Azterketarekin ondorioztatu zuten 225 etxebizitza behar direla egun Azpeitian, eta alokairu eskaerak dezente direla.

Lan hori oinarri hartuta, Etxebizitza Plana egingo du datozen hilabeteetan Udalak, baina dagoeneko behar horiei erantzuna emateko hainbat urrats egin du. Besteak beste, Esklabetako eraikinaren zati batean alokairu sozialeko etxebizitzak egingo dituzte. Ildo horri segituta eta Alde Zaharra biziberritzeko helburuarekin erosi berri ditu Udalak hainbat etxebizitza bloke gune horretan. Leire Goenagak azaldu duenez, hainbat neurri hartu dute azken urteetan Alde Zaharra bizitzeberritzeko: "Plaza oinezkoentzat egokitu dugu, Basozabalen lanak egiten ari gara, Azoka Plaza berritu da...". Orain, baina, beste pauso bat eman nahi dute, Alde Zaharra biziberritzeko "jendea behar" delako.

Goenagak esan duenez, etxebizitza zahar asko dago Alde Zaharrean, eta horietako batzuk berritzeko erosi dituzte etxebizitza blokeak. Josu Labaka zinegotziak esan duenez, eman diren urratsen "jarraipena" eta etor daitezkeenen "aurrekari" dira erosketa horiek. "Etxebizitza pribatuez gain, publikoak ere eskaini behar dira herritarrek dituzten beharrak asetzeko". Hori dela-eta, Elizkalean erosi dituen etxebizitza blokeak bota eta berriak egingo dituztela azaldu du. Hain zuzen ere, 28, 26 eta 24 bis zenbakiak erosi ditu udalak, eta egun horiek dauden lekuan hamabi etxebizitza egingo ditu. Udalak oraindik ez du erabaki etxebizitza horiek saldu edo alokatu egingo dituen, baina Labakak aurreratu du aurki hasiko direla proiektua idazten.

Elizkaleko etxebizitza blokeez gain, beste bi ere erosi ditu Udalak Done Jakue kalean. Zehazki, Iturri Txiki ludotekaren ondoan dagoen Santutxorako pasabidearen ondoan daude bi bloke horiek. Labakak azaldu duenez, "gune iluna" da toki hori, eta etxe blokeak bota eta gunea txukundu egingo dute aurrena. Horrez gain, zinegotziak aurreratu du Bustinzuriko Errebalean beste etxebizitza bloke bat eskuratzeko lanean ari direla.

Udalak hamarkada baterako balioa izango duen Etxebizitza Plana egingo duela ere esan du Labakak: "Azpeitian bizi nahi duten herritarren beharrak asetzeko osatuko dugu plana".