Errefuxiatuen azalean

Uztarria.eus 2018ko api. 9a, 14:22

Mugetatik Haratago hezkuntza proiektua irailaren bukaeran jarri zuten martxan Loiolako Santutegian. Hasi dira ikasleak lehen bisitak egiten, eta martxoko Uztarria aldizkarirako argazki erreportaje honetan jaso ditu Nora Alberdi kazetariak egitasmoaren nondik norakoak eta parte-hartzaileen bizipenak.

Ikasleak sentsibilizatu

Errefuxiatuen gaia puri-purian dagoen errealitatea da gaur egun, eta errealitate horretara gerturatzea eta sentsibilizatzea du helburu Mugetatik Haratago hezkuntza proiektuak. Hainbat ikastetxetako ikasleak Loiolako Santutegira bisitak egiten ari dira hilabeteotan, besteak beste, errefuxiatuen egoerarekin enpatizatzeko. Eta bisitak egin ostean eskoletan lantzen dute gaia. Gainera, ikastetxe batzuei kulturartekotasuna lantzen jarraitzeko balio die egonaldiak. Goiko irudian, hezitzaile bat "ihesi datorren" ikasle baten dokumentazioari begira.

Hezitzaile taldea

Bost hezitzailek egiten dute lan bisitetan; horietako lauk harreman zuzena dute ikasleekin, eta bosgarrena koordinatzaile lanetan aritzen da. Hezitzaileek aurreprestakuntza jaso dute bisitak eskaini ahal izateko, eta abuztuan hasi ziren santutegia atontzen eta bisitak prestatzen. Otsailean, berriz, Greziara joan zen hezitzaile taldea, errefuxiatuen kanpamendu bat bertatik bertara ezagutzeko eta han jasotakoa Loiolara ekartzeko. Goiko argazkian, haur bat bere herrialdetik beste herrialde batera joateko bidean aurrera jarraitu ahal izateko proba bat egiten.

Metodologia

Loiolakoa martxan jarri aurretik, bazen Xabierren (Nafarroa) ikasleak Indiako egoerara gerturatzeko egitasmo bat. Egitasmo hark harrera ona izan zuela ikusita, ikastetxeekin errefuxiatuen gaia lantzeko prest agertu zen Loiolako Santutegia, eta martxan jarri zuen proiektua. Irudian, hezitzaile bat eta bi ikasle santutegiko bisita egiten duten aretoetako batean.

 

Jatorritik ihes

Hiru fasetan banatzen dute egonaldia. Lehen eta bigarren egunean, hainbat rol lantzen dute lau taldetan banatuta. Hain zuzen ere, ihesaren lau arrazoi posible lantzen dituzte: emakume izateagatik herrialdea utzi behar dutenak; hondamendi naturalen ondorioz ihesi doazenak; gudaren ondorioz alde egin dutenak; eta barne gatazkaren batek bultzatuta beren herria utzi behar dutenak. Lehen egunean, aterpetxera iristen direnean, sirena bat jarri eta ihesaldia irudikatzen dute Loiolako Santutegiko lorategian. Plastikozko poltsa bat ematen diete ikasleei, eta han egonaldiko hiru egunetan beharrezko izango dituzten bost gauza sartzen dituzte. Gero, lorategitik pasatu eta errefuxiatuen kanpalekura iristen dira. Goiko irudian, poliziaz jantzitako hezitzaile bat eta bi ikasle, santutegiko pasillo batean.

Hesia gainditu nahian

Bigarren egunean, errefuxiatuen kanpalekuan hasten dute eguna: ikasleei nazioarteko finantzazioa bukatu dela eta handik norbere kabuz atera beharko dutela esaten diete hezitzaileek. Ondoren, Trantsizioa deituriko ginkana egiten dute Loiolako Santutegiaren azpiko geletan; han, errefuxiatuek beren herrialdea utzi eta iritsi nahi duten herrialdera egin beharreko ibilbidea irudikatzen dute. Arratsaldean, berriz, Europako hesia edo muga sinbolizatzen dute, ikasleek errefuxiatu estatusa egiaztatzen duen txartel gorria eskuratzeko. Hirugarren eta azken egunean, aurreko egunetan bizitakoaz hausnartzen dute. Goiko irudian, poliziaz jantzitako hezitzailea muga zaintzen, eta ikasleak hesiaren bestaldean.

Adin tartea

Egonaldiak, gehienez, 60 ikasleko taldeentzat antolatzen dituzte. Erreportaje hau egin zen egunean Bilboko Indautxu auzoko Jesuitak eskolako ikasleak ziren egonaldian. DBH 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzendutako hezkuntza proiektua da Mugetatik Haratago; batetik, adin horietako ikasleak haurtzaroaren eta heldutasunaren mugan daudelako, haiek gaian sakontzeko gaitasun handirik ez dutelako eta dinamiketan ondo sartzen direlako; eta bestetik, beraiei zuzendutako proiektu gutxi daudelako. Ikasleak jolasaren eta errealitatearen artean murgiltzen direnez, hunkitu ere egiten dira, eta hezitzaileek diotenez, Loiolan bizi izandakoak ikasleei "gerora fruituak emango" dizkie. "Proiektuak ikasle bakoitzaren ohiko bizimoduan izango duen eragina aurrerago ikusiko da", esan dute. Irudian, ikasleak bigarren egunari ekiteko prest.

Ekintza txikiak

Ikasleek aterpetxean egiten dituzte otorduak, eta lo ere bertan egiten dute. Dena den, lehen egunean, errefuxiatuen kanpalekura, Loiolako Santutegira, iristen direnean, bertan afaltzen dute; arroza eskuarekin jan behar izaten dute, eta hezitzaileek diotenez, horrek "izugarri" haserretzen ditu ikasleak. Dena den, uste dute ekintza hori beharrezkoa dela bisitan doazen umeak errefuxiatuen lekuan jar daitezen. Argazkian, poliziaz jantzitako hezitzailea ikasleei errefuxiatu kanpalekutik ihes egiteko ordua dela adierazten.

Jolasa eta errealitatea

Seriotasunaren eta jolasaren artean ibiltzen dira ikasleak egonaldian: zenbaitetan, haserrea nabaritzen da nerabeen aurpegietan; beste batzuetan, ordea, barre algarak egiten dituzte. Hezitzaileen arabera, ikasleek emozioak kudeatzen ikasteko proiektutzat har daiteke Mugetatik Haratago. Haiek azaldu dutenez, egonaldietan izaten diren taldeekin egiten dituzten amaierako balorazioak "beti positiboak" izaten dira. Goiko argazkian, ikasleak ilaran, aurrean duten poliziari dokumentazioa erakusteko prest.