Ihesi datozen migratzaileen azalean jarriko dituzte ikasleak Loiolan

Uztarria.eus | Hezkuntza | Artikulua
2017-09-20 19:13

Hiru eguneko egonaldiak egingo dituzte santutegian, Mugetatik Haratago hezkuntza egitasmoaren barruan; jesuiten Alboan GKEak sortu du proiektua. Bi ikasturtetan 3.000 ikaslek parte hartzea aurreikusi dute antolatzaileek.

Antolatzaileak eta laguntzaileak Loiolan, errefuxiatuen kanpalekua irudikatzen duen gunean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Gerra, gosea, jazarpena edota hondamendiak tarteko, daukaten guztia edo apurra laga eta etxea eta herrialdea uztera behartuta. Non eta nola bukatuko den ez dakiten oztopoz eta arriskuz betetako ihesean murgilduta. Eta helmugara iritsitakoan, iristen badira, tokikoen arbuioari aurre egin beharra, sarri. Antzeko bizipenak dituzte urtero milioika pertsonak mundu zabalean, eta pertsona horiek ihesera bultzatzen dituzten arrazoiek "badute zerikusia gure bizimoduarekin". Hala ekarri du gogora Maria del Mar Magallonek gaur Loiolan. Alboaneko zuzendaria da Magallon; Loiolako Santutegian egoitza izango duen Mugetatik Haratago hezkuntza egitasmoa sortu eta gauzatuko duen jesuiten GKEa da Alboan.

Migratzaileen aurrean "gure herrialdeak hesien eta kontzertinen atzean gotortzen" diren garaiotan, milioika pertsona deserrira bultzatzen dituen arrazoietan sakontzea ezinbestekoa dela deritzo Alboanek, baita harrerako gizarte izan beharko liratekeen herrialdeetako bizilagunak larrialdiko ihesean datozen haien azalean jartzea ere. Bide hori jorratu nahi dute Mugetatik Haratagorekin, ikasle gazteen kontzientziak astinduta. "Interpelatzen gaituen eta erantzunak eskatzen dizkigun hezkuntza proposamena" izatea nahi dute egitasmoaren sustatzaileek.

Bi ikasturteko plangintza

Lekualdatze behartuen prozesuak eta errefuxiatuen errealitatea landu nahi ditu egitasmoak, hezkuntza komunitatearen hiru dimentsiotan eraginda. Irakasleak kulturartekotasunean eta migrazio behartuetan trebatuko dituzte. Hezkuntza komunitatearen inplikazioa ere bilatuko dute, sentsibilizazio eta mobilizazio egitasmoak garatzeko laguntza eskainita. Eta, bien tartean, ikasleak pertsona errefuxiatu eta migratzaileen errealitatera hurbilaraziko dituzte, teoria, hausnarketa eta bizipenak uztartuko dituen hiru eguneko egonaldi batekin.

Hasi berri den ikasturtean eta hurrengoan garatuko dute egitasmoa, eta Loiolako Santutegian hainbat gune atondu dituzte ikasleen egonaldietarako. DBHko 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzendutako esperientzia izango da. Guztira, Hego Euskal Herriko 3.000 ikaslek, 150 irakaslek eta 30en bat ikastetxek parte hartzea aurreikusi dute antolatzaileek. Gehienez 55 edo 60 ikasleko taldeak izango dira hiru eguneko egonaldiak egingo dituztenak, irakasleek lagunduta. Datorren astelehenean iritsiko da aurreneko taldea Loiolara, eta otsaila bitarteko txanda guztiak beteta dituzte.

Errefuxiatu, hiru egunez

Loiolan, santutegiko aterpetxean hartuko dute ostatu ikasleek. Ordu gutxiren buruan, behartutako migratzaile eta errefuxiatu 'bihurtuko' dira, benetakoek osatzen hilabeteak edo urteak behar izaten duten ibilbidearen hiru etapak irudikatzeko: ihesa, bidea eta iritsiera. Ikasle bakoitzari rol bat ezarriko diote, migratzaileen artean egon daitezkeen jatorri eta egoera ezberdinak ere irudikatzeko. Horrela, adibidez, emakumeen aparteko zailtasunak, edo diruarekin ihes egin dutenek eta sosik gabe daudenek bideko zailtasunei aurre egiteko izan ditzaketen aldeak ere nabarmendu nahi dituzte.

Kontrolguneak han eta hemen, kanpaleku bat, hesiak... Denetarik du santutegian prestatu duten zirkuituak. Egitasmoko begiraleek, polizia, soldadu edo trafikatzaile rolak hartuta, osatuko dituzte ikasleen ibilbidearen zailtasunak.

Loiolako Santutegiaren, Loiola Etxearen eta Ellakuria Fundazioaren laguntzarekin gauzatu du egitasmoa Alboanek, eta Eusko Jaurlaritzaren mendekoa den Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartzen dute proiektu berrian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa